
Laugarren nekazal azoka egin zuten zapatuan Ean, eta nekazaritzako eta artisautzako produktuen salerosketaz gain, askotariko ekitaldiak egin zituzten: uso mezulariak, joaldunak, giza-probak, dantza saioa…
10:00etan ireki zuten azoka eta baserritarrez jantzita eguerdira arte jai giroan batu ziren bertako nahiz inguruko bizilagunak. Esaterako, uso mezulariek etxeko txikienen arreta bereganatu zuten. Halaber, ikusmina sortu zuten giza probek ere; Zeanuri eta Mendaroko nesken zein Mikel Alzolaren saioak ikusten jende asko batu zen.
Erakustaldiak ere izan ziren: sega pikatzea, sardikoa, pikamailua eta saskiak nola egin ikusteko eta ikasteko aukera izan zuten herritarrek. Baserritarrez jantzita, jai giro ederrean eman zuten eguerdia. Jan-edanean bakarrik ez, dantzan ere ibili ziren dantza saio irekian. Gero enkantea, otzaren banaketa eta zozketa egin zituzten.