
Pedro Valdes bere salbatzaile Juan Astarloari zapia jartzen
Urdin kolorez jaiki da jaietako hirugarren egunean Bermeo; hala ere, eguerdirako txuri kolorea zuen. Jaietako ezaugarri funtsezkoa den jantzi urdinak talko hautsez bete dituzte herritarrek, eta, horregaz batera, baita herriko kaleak ere. Bermeoko Udalak talko hautsik ez botatzeko gomendioa luzatu arren, ohitura ohitura dela erakutsi dute, beste behin ere, bermeotarrek. Goiko plazan bilduta, San Frantzisko plazaraino abiatu dira kalejiran ume, gazte zein nagusi, talko hauts artean. Behin bertan, lore eskaintza egin diote Taraskari. Fanfarreen eta trikitilarien doinuekin, hara eta hona egin dute dantzan, Goiko plazan hasi eta San Frantziskorainoko bidean.
Omenaldia, hunkigarria
Arratsaldean ondo pasatu dute, eta goizean hunkitu egin dira; hori erakusten zuten, behintzat, portuan bildutakoen negar malkoek. Goizeko mezaren ostean, kalejiran joan dira udaleko ordezkariak, arrantzale eta arrantzale izandakoak eta herritarrak Santa Eufemia elizatik porturantz. Gaurkoa, Arrantzale eguna izanik, nagusitasuna behar zuten horiek, eta, izan ere, hala izan da. Aurten ere, arrantzagaz eta itsasoagaz lotutako zenbait bizilagun omendu dituzte eta. Hain justu, galdaradun ontzietan bizitza galdu zutenek, itsasoan biziak salbatu zituztenek eta Gaztelugatxeko San Juaneko zaintzaileek jaso dute aipamen berezia.
Horiei guztiei ohorezko aurreskua egin diote lehenik, eta, ondoren, lore eskaintza egin diote portuan dagoen
Itzulera monumentuari (Castor Solanok egindako lana, arrantzalea eta semea irudikatuz). Hori eginda, Santa Eufemia eta Andra Mari elizetako koruak abesti bi kantatu ditu, eta ostean omendu dituzte Bermeoko aipatu bizilagunak, oroigarri bana emanez.
Omenaldian azaldu duten legez, 70 lagunetik gora bermeotar hil ziren galdaradun baporetetan. 1900 eta 1955. urteen artean jarri zituzten ontzi horiek martxan, eta, diotenez, “zenbait arazo” ematen zituen, leherketak sortuz. Hartara hiltzen ziren hainbat eta hainbat lagun itsasoan. Hori horrela, Josefin Altonaga Asteinzak eta Asun Intxausti Bilbaok jaso dute oroigarria gaurkoan, galdaradun baporeko hondamendian aita eta koinatua hil zitzaizkielarik, hurrenez hurren. Horrez gain, Juan Astarloa Meñaka eta Alberto Ortube Begoña ere omendu dituzte gaur, Pedro Valdes eta Charo Andueza itsasoak eraman ostean, salbatu zituztelako, hurrenez hurren. Bizirik iraun zuten horiek izan dira gaur portuan bakoitzak bere salbatzaileari oroigarria emateko. Azkenik, Gaztelugatxeko San Juaneko zaintzaileei egin diote omen, “egin duten, egiten ari diren eta egingo duten lanagatik”.
Arratsaldean, musika gehiago
Goizeko momentu hunkigarriari une goxoak gehituko dizkio Bermeok; hala, arratsaldean ere, fanfarreen eta trikitilarien soinu hotsak girotuko ditu Bermeoko kaleak. Iluntzean, gainera, Gaupasa taldearen musikaz eta Nuntxakuren karroaren kalejiraz ere gozatzeko aukera izango dute Bermeora doazenek. Gauean, azkenik, Honat taldearen dantzaldia egongo da Lameran eta FM diskoteka ondoren. Ordu berean, gainera, musika pintxada izango da aukeran txosnetan.