
19 minutu, bi segundu eta 98 ehuneneko denborarekin Bermeoko arraunlariak izan ziren azkarrenak atzo Donostian. Alde polita atera ziotenn Kaiku bigarrenari; hamar segundu eta 54 ehuneneko aldea, hain zuzen. Kaikuren atzetik, Hondarribiak egin zuen hirugarren. Bermeotarrek baino hamaika segundu eta 50 ehunen gehiago behar izan zituzten estropada amaitzeko. Halaber, oriotarrak izan ziren laugarrenak. Urdaibairengandik hemeretzi segundu eta 74 ehunenera heldu zen Orioko trainerua.
Estropadan zehar sentsasio “oso onak” izan zituzten Bermeoko arraunlariek, eta emaitzarekin “pozik” daude. Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzailearen berbetan, “egindakoaz pozik gaude eta baita egiteko moduagatik ere”. Hala, badakite Kontxako bandera Bermeora ekartzeko hurrengo domekan ere “beste horrenbeste” egin beharko dutela. Izan ere, atzokoari meriturik kendu barik, Salsamendik esan duenez, atzo ez zuten ezer irabazi. “Gure lana ondo eginda, onenak garela erakutsi genuen”, zehaztu du.
Lehenengo txandan atera ziren Bou Bizkaia-ko mutilak, Kaiku, Portugalete eta Cabo da Cruz-ekin batera. Erraz nagusitu zen bere txandan. Portugaleteri 28 segundu pasatxoko aldea atera zion, eta Cabori 36 segundu pasakoa. Bigarren txandan, Hondarribia izan zen nagusi. Oriotarrak Hondarribikoengandik zortzi segundu eta hamazazpi ehunenera amaitu zuten estropada. Bestalde, Hondarribiak San Juani 23 segundu eta 27 ehuneneko aldea atera zion, eta Donostiarrari minutu bat, hamabost segundu eta 59 ehuneneko aldea.
Domekara begira
Txapeldunen pareko harrera egin zieten bart Bermeon Urdaibaiko arraunlariei. Atzo hasi zituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bermeotarrek. Udaletxe aurreko plazan gaueko 22:00etan jaurti zuten txupina, eta hantxe egon ziren Bermeoko arraun taldeko maila guztietako ordezkariak.
Urdaibaikoek alde polita lortu zuten atzokoan, baina, domekako estropada egin aurretik ez dago ezer erabakita.”Helburua gure mailarik onena adieraztea izango da. Ikusiko dugu igandean zein baldintzatan arraun egitea tokatzen den, baina, gure maila emanez gero, zaila izango da besteek irabaztea”, azaldu du Urdaibaiko entrenatzaileak.
Domekan 12:00etan hasiko da lehia, eta orduan argituko da zein arraun talde den aurtengo Kontxako banderako txapelduna.
Lehen jardunaldiko sailkapena:
- Urdaibai 19:02:98
- Kaiku 19:13:52
- Hondarribia 19:14:48
- Orio 19:22:72
- Portugalete 19:31:24
- San Juan 19:37:74
- Cabo da Cruz 19:39:42
- Donostiarra 20:30:02