
Julen Zabalok 53 minutu eta 6 segundu behar izan zituen proba amaitzeko, Jaime Caballero bigarrenari bi minutu pasatxo ateraz. Galdakoztarrak hasieratik hartu zuen aurrea, eta Adnan Mustafic iazko irabazlearen denbora hiru minututan hobetu zuen. Emakumezkoetan, bestalde, Leire Ceciagak ordu bat eta zazpi minutu behar izan zituen Bermeo eta Izaro arteko ibilbidea burutzeko. Lara Vicandi bigarren sailkatuari ia bi minutu atera zizkion. Ceciagak ere, zeharkaldiko errekorra hobetu zuen.
Salome Campos zeharkaldian 200 igerilari inguruk parte hartu zuten. Gehienek 5.000 metroko zeharkaldia egin zuten, baina 1.500 eta 500 metroko zeharkaldiak egiteko aukera ere izan zuten parte hartzaileek. 1.500 metrokoan Beñat Oiarzabal eta Leire Ochoa de Erice gasteiztarrak nagusitu ziren. Gazteen mailan, bestalde, Maialen Sudupe nagusitu zen. Irabazleek txapela eta kontserba sorta bat jaso zituzten, David de Jorge sukaldariaren eskutik.
Salome Campos-en omenez

Itsas zeharkaldia Salome Campos Bermeoko emakumearen omenez antolatzen dute. Camposek apustu egin zuen Izaro uharteraino joan eta etorria gizonezko batek baino lehenago egingo zukeela, eta hala izan zen. Campos enpresaren sortzaileetako bat izan zen igerilari trebea.
Lehen bost sailkatuak 5.000 metroko zeharkaldian
- Julen Zabalo. 53:06
- Jaime Caballero. 55:12
- Txema Marimon 56:46
- Pablo Etxeberria. 57:12
- Luis Goñi. 57:39
- Leire Ceciaga. 1:07:00
- Lara Vicandi. 1:08:47
- Laura Fernandez. 1:08:55
- Ainhoa Irure. 1:09:02
- Iraide Burgoa. 1:09:46