
Plaza betearen laguntzagaz irakurri zuen pregoia atzo herriko alkate Idurre Bidegurenek udaletxeko balkoitik. Jaien hasiera orduan iragarri arren, aurreko egunetik zen jai giroa nabari Bermeon. Gaur, barriz, Andra Mari eguna ospatzen dabiltza herritarrak, eta bihar, arrantzaleei omen egiteko eguna izango da.
Gaur, trikipoteoaz, eskupelota partiduez, umeen danborradaz, idi probez, bakarrizketez, suziriez eta musikaz gozatzeko aukera dute, besteak beste, Bermeora bertaratu direnek. Goizean udalbatza Almikarantz abiatu da eta, behin bertan, ohorezko aurreskua egin diote, urtero legez, Alkartasuna Dantza Elkartekoek.
Zapatuan hasi zen jai giroa herrian; jende andana batu zuen Elektrotxarangen musikak Bermeon. 12:00etan egin zieten harrera Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritako elektrotxarangei, eta, ordutik gauera bitartean, ez zen ez girorik, ez soinurik falta herrian. Eguerdian bazkari herrikoia egin zuten elektrotxarangekin batera, eta arratsaldean kirolak eta kalejira ere egin zituzten horien konpainian. Gauean agurtu zituzten, baina musikak jarraitu zuen txosna inguruan, DJ Mambrugaz.
Doinu eta soinu artean, hala ere, igeri egiteko tartea ere aprobetxatu zuten hainbat eta hainbat lagunek, Salome Campos zeharkaldian parte hartuz.
Atzo, jaien hasiera ofiziala
Zapatukoaren ostean, atzo jarraitu zuten jaiekin bermeotarrek: bigarren eskuko azoka, untxi sukalki txapelketa, triki-poteoa, txiki-ponpak, baserri kirolak, itsasoko eguna, erromeria, Almikako jaitsiera, sardina jana, Bermeoko irrintzilarien ekitaldia eta beste hainbat ekintza izan ziren aukeran.
Xixili ere aurkeztu zuten Goiko plazan, eta horren segidan irakurri zuen alkateak pregoia. Ez zen bakarrik egon Bideguren udaletxeko balkoian, bere aldamenean izan baitzen Jon Salsamendi Urdaibai Arraun Elkarteko entrenatzailea. Gonbidapenagatik eskerrak emanez, bertan izatea bai berarentzat zein talde osoarentzat ohore bat zela azaldu zuen. «Bermeora iritsi nintzenetik ikusi nuen herria eta herritarrak bereziak direla; asko eskertzen dugu herritarrek erakutsitako babesa», aitortu zuen. Hala, aste honetan, domekara arte behintzat, «arraunaz ahazteko eta jaiekin gozatzeko» eskatu zien herritarrei.
Txupina jaurtita, Bermeoko arraunlariak izan ziren ikurriña eta herriko bandera altxatu zutenak, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emanez.
Zenbait aldaketa herrian
Egunotan bezala, gainontzeko egunetan ere herritarrek festez goza dezaten, zenbait aldaketa egin behar izan ditu udalak garbitasun eta sastar batze zerbitzuetan zein herri trafikoan.
Artzako biribilgunetik portura joateko sarrera, esaterako, itxi egin du irailaren 16ra arte; izan ere, Artzako kaia izango da jai-gune nagusienetariko bat, bertan jarri baitituzte txosnak eta saltzaile ibiltarien salmenta-postuak. Hala, gune horretan, zama-lanak ere 08:00etatik 12:00etara egin beharko dituzte; azken finean, udalaren asmoa «oinezkoei lehentasuna ematea» baita. Hori horrela, jai egunetan garraio publikoa erabiltzeko deia egin du Zerbitzuetako zinegotziak, eta gogoratu du Bermibus zerbitzua martxan dagoela astelehenetik barikura, ohiko geldigune berekin.
Hala ere, kotxea erabiltzen duten horiei ere aparkatzea errazago egiteko, hainbat aparkaleku jarri ditu udalak: hain justu, Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergolan), Landabasoko gune industrialean eta Matxikorta kaian.
Bestalde, udalaren erronka «herria txukun mantentzea» dela azpimarratu du zinegotziak; horregatik, jaietan garbitasun zerbitzuak indartu dituztela aipatu du: «adibidez, ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago dugu jai egunetan, eta, horrez gain, udaleko zerbitzuetako langileen errefortzua ere egiten ari gara».
Sastar batze zerbitzua, bestetik, hilaren 16ra bitartean 14:00etatik aurrera egiten dabiltzala adierazi du, eta, era berean, gaur ez dela zerbitzurik egongo gogoratu du.