Aritz Irazabalek irabazi du Muruetako aizkora desafioa
http://youtu.be/BWdMlfFjo_k
Domeka eguerdiko bero ikaragarriagaz aritu ziren lehian Aritz Irazabal ugaotarra eta Igor Duñabeitia foruarra. Biek egin zuten lan ederra, baina Irazabalek irabazi zuen. Muruetako plazan herri kirol zale ugari batu ziren, aizkolariak animatzeko asmoz.
Irazabalek ohiko erara moztu behar zuen enbor bat, eta zutunik zegoen beste bat. Duñabeitia Foruko alkate ohiak, bestalde, ohiko eran moztu behar zituen bi enbor zatiak. Hala egin zuten, Irazabal aizkolari trebeagoa baita. Antolatzaileek argitu zutenez, Oronoz-Mugairetik eramandako enborrak ziren. Ohikoak baino zabalagoak ere baziren, eta aizkolariek majo sufritu zuten lanak amaitzeko.
Irazabal zutunik zegoen enborra moztuz hasi zen. Lehen enborra Duñabeitiak moztu zuen azkarren. Irazabal, baina, ez zebilen aparte, eta amaiera arte emozio handia izan zen. Lana amaitzen ari zirela harrapatu zuen Irazabalek Duñabeitia. Azken kolpeetan asko sufritu zuen foruarrak, eta Irazabalek apustua irabazteko baliatu zuen egoera.