
Urdaibaiko arraunlariak 2013ko Kontxan, epaileen erabakiaren berri izan ostean
Bermeoko Arraun taldeak bihar (irailak 4) lehiatuko du Kontxako banderaren sailkapen estropada, 18:00etatik aurrera. Hain zuzen, Busturialdeko ordezkari bakarra izango da Urdaibai, Elantxobek eta Mundakak ez baitute parte hartuko.
Urdaibaiko arraunlariek iazko arantza kendu nahi dute, baina, horretarako, bihar lehen zazpi sailkatuen artean amaitu beharko du estropada. Izan ere, Donostiarra sailkatuta dago dagoeneko, etxeko taldea izateagatik.
2013an, bermeotarrek laugarren egin zuten sailkapen estropadan, eta Kontxako banderako bi estropadak kontuan hartuz gero, bertokoek denborarik onena ezarri zuten. Hondarribiarekin izandako arraun talkaren ostean, baina, epaileek Urdaibai kanporatu zuten. Hala, sari preziatu barik geratu ziren bertokoak.
Aurten 24 arraun taldek parte hartuko dute Kontxarako sailkapen estropadan. Lehen txandan, Samertolameu (Galiza), Santoña (Kantabria), Zumaia, Castreña (Kantabria), Amegrove (Galiza), Illunbe, Getaria, Santurtzi, Isuntza, Mugardos (Galiza), Zarautz, eta Ondarroa ariko dira. Bigarrenean, berriz, Kaiku, Hondarribia, Koxtape, Tiran (Galiza), Cabo Da Cruz (Galiza), Orio, Portugalete, Bermeo, San Pedro, Pedreña (Kantabria), Zierbena, eta Astillero (Kantabria).