
Argazkilaria: Aitor Galarza
2013an askatutako Urdaibai arrano arrantzaleak urte bete egin du haren bidaien berri ematen, baina joan den abuztuaren erdialdean hegaztiak zeraman igorgailuak seinalea bidaltzeari utzi zion. Hala, ordutik, Urdaibai Bird Center-ekoek ez dute arranoaren berririk izan. Hasiera baten, bost hegaztiri jarri zieten igorgailua, baina Urdaibai zen seinalea igortzen zuen azken arranoa.
Aitor Galarza biologo eta arrano arrantzalearen berreskurapen proiektuko kideak jakinarazi duenez, igorgailua hutsegiten hasi zen abuztuaren erdialdera. “Normalean orduro bidaltzen zituen datuak igorgailuak, baina azken egunetan datu oso gutxi jaso genituen”. Egun horietako baten, esaterako, bi seinale bakarrik jaso zituzten.
Igorgailua apurka-apurka itzali dela eta, arrano arrantzaleak bizirik jarraitzen duela uste du Galarzak. Izan ere, 2013ko udazkenean biologoa Senegalera joan zenean, Urdaibai osasuntsu zegoela, eta arrantzan egiteko zailtasunik ez zuela egiaztatu zuen.

‘Urdaibai’ denbora luzez izan zen Senegalgo kai horretan
Azken datuak aztertuz gero, gainera, arrano arrantzalea leku lasai eta seguru baten zegoela esan du biologoak. Hain justu, Dakarretik 200 kilometro hegoaldera dagoen Somone erreserban zegoen; negupasarako arrano arrantzaleen ohiko toki baten.
Alde horretatik, proiektuan parte hartzen ari diren kideak ez daude kezkatuta. Galarzak azaldu duenez, “udazkenean berriro joango gara Senegalera, eta Urdaibairen arrastoa aurkitzea espero dugu”.
Urdaibai bizirik baldin badago, 2015eko martxoan edo apirilean bueltatu beharko litzateke bertoko itsasadarrera, Afrikan bi negu pasa ostean.
2014a ere arrakastatsua
Berreskurapen proiektuaren barruan, aurten beste hamabi arrano arrantzale askatu dituzte Urdaibain. Galarzaren berbetan, “oso ondo irten da guztia, eta arranoak Afrikarako bidea hartzen hasi dira”. Oraindik, baina, zenbait arranok ez diote bidaiari ekin. Bertan jarraitzen duten arrano arrantzaleek igorgailua daramatenak dira. Hain zuzen, bost hegaztik igorriko dituzte datuak.