Gernika-Lumoko udaletxea
Udal arduradunek jakitera eman dutenez, iazkoagaz alderatuta, %3,4 igo da udal aurrekontua. “Hala izan da, gaur egun egoera ekonomikoa iazkoa baino hobexeagoa delako”, azaldu du Ogasun zinegotzi Iñaki Gorroñok. Hala ere, zehaztu du “gastuei zorrotz eutsi” behar dietela.
Aurrekontu osotik (18.185.387,05 euro), 938.501,57 euro gorde dituzte inbertsioetarako. Hala, partida hori %20,69 igo da 2013tik.
Edonola ere, beste atal batzuei eman die garrantzia aurten Gernika-Lumoko Udalak. Ondasun arrunten eta zerbitzuen atalak 6.247.825,92 euro hartuko ditu (aurrekontu osoaren %38,21); langileen atalak 4.451.111,38 euro (aurrekontu osoaren %27,22); eta transferentzia arruntek 4.332.309,94 euro (aurrekontu osoaren %26,49).
Erakunde autonomoek ere beraien aurrekontuak onartu dituztela jakitera eman du Gernika-Lumoko Udalak. Kultur Etxeak 2.074.066,56 euoko partida izango du; Kirol patronatuak 1.937.050 eurokoa, eta Lanbide Ekimenak Zentroak 549.682,06 eurokoa.
Eusko Alderdi jeltzaleak, bere aldetik, 2014ko aurrekontuarekiko zuzenketak proposatu ditu. Horien artean, enplegua sortzera bideratutako partidak onartzea proposatu du; baita udalerriko kirol eta kultur insatalazioak hobetzera dirua bideratzea edota Pasealekuko egitasmoa martxan jartzeko diru partida gordetzea.