Turismoko ekipamenduak eta merkataritzako saltokiak modernizatzeko laguntzak jaso ahalko dituzte herritarrek
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak emango ditu aipatu laguntzak, eta Bermeoaldeko Behargintza izango da horiek bideratuko dituena.
Merkataritza saltokiak modernizatzeko laguntzak, esaterako, jarduera nagusia merkataritza duten enpresa txiki zein ertainek eskuratu ahalko dituzte; hala, diru hori jarduera horretarako beharrezkoak diren ekipamendu, altzari edota lokalen erreforma eta modernizaziorako zein balantza elektroniko, ekipo informatiko, aplikazio eta bere osagarrientzako erabili ahalko dute. Diru laguntza horiek jaso nahi dituenak bihartik irailaren 5era arteko epean eskatu beharko ditu.
Bestalde, Turismo ekipamenduak modernizatzeko laguntzak jaso ahal izateko turismo ostatuari, sukaldaritzari (jatetxeak, tabernak edota kafetegiak), bidaia agentziei, interpretazio zentroei, turismo-garraioari edota turismo aktiboari lotutako enpresa txiki zein ertainak izan beharko dute. Hala izatekotan, uztailaren 28ra arteko epea egongo da horien eskaera egiteko.
Eskaera zein informazioa, Behargintzan
Bateko zein besteko laguntzak jaso nahi dituenak Behargintzara jo beharko du (Zubiaur tar Kepa kalea 26-28/94 617 91 90/prospekzioa@bermeo.org). Informazio gehiago eskuratu nahi duenak ere bertan izango du horretarako aukera.