
Busturialdeko EH Bilduk ere saneamendu obrak amaitzeko esaktu du
Saneamendu azpiegiturak amaitzeko hitzarmena 2014. urtea amaitu orduko sinatzeko eskatuko dio Gernika-Lumoko Udalak Eusko Jaurlaritzari. Gainera, 2015erako azpiegitura amaitzeko diru partida berma dezala ere eskatuko dio Lakuako gobernuari.
EH Bilduren udal taldeak azaldu duenez, 45.000 biztanleri zerbitzua ematen dio Busturialdeko ur saneamendu sareak. 2003. urtean sinatutako hitzarmen baten arabera, kolektore horiek egiteko lanak Jaurlaritzaren ardura dira. Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente Iratxe Arriola, bestalde, Eusko Legebiltzarrean ere izan zen, inbertsioak eskatzeko.
EH Bilduren udal taldeak uztailaren 2ko osoko bilkuran esan zuenez, Espainiak eta ur partzuergoak 2003an hartutako konpromisoak bete dituzte. Espainiak, esaterako, 33 milioi euro bideratu ditu saneamendu sarerako, eta ur partzuergoak hiru milioi euro erabili ditu lurren desjabetzeak ordaintzeko. EH Bilduk baieztatu duenez, Jaurlaritzaren 35 milioi euroko laguntza jaso zuten 2003ko hitzarmenari esker. 2004 eta 2005 bitartean egindako txosten zehatzek, baina, diru kopuru horren bikoitza beharko litzatekeela erakutsi zuten. Jaurlaritzak jarritako 35 milioi euroekin 2003 eta 2007a bitartean egindako kolektoreen obrak ordaindu zituen partzuergoak; baina, ordutik, ez du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusienaren laguntzarik jaso. EH Bilduk azaldutakoaren arabera, proiektua idazterakoan argi geratu zen aurrekontua handiagoa beharko luketela saneamendu obrak egiteko. Koalizioak dioenez, “eskandalugarria da 10 urte beranduago egoera berdinean jarraitzea. Jakin badakigu dirua ezin dela bapatean jarri, baina ezinbestekoa deritzogu Jaurlaritzak urtez-urte lan azpiegitura horiek amaitzeko diru partidak zehaztea”.