Guztira, 32 alegazio aurkeztu dituzte herritarrek, eta horien artean, 20 ekarpen batzen ditu datozen 8 urteetara begira egindako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak. Udalak jakinarazi duenez, plan horrek Mundakan dagoen aparkaleku faltari, etxebizitza garestiei eta araubide libreko etxebizitza erosi ezin dutenenentzako etxebizitza tasatuen faltari erantzuten dio. Era berean, Goiko Kalea arintzen ere lagunduko du plan horrek “herriko ardatz nagusia den heinean”.
Udalak dio herritarren alegazio horiek ez dutela funtsean 2013ko abenduan onartutako planteamenduarekiko aldaketarik suposatzen, “bai, ordea, hasierako erredakzioarekiko”. Onartutako alegazioen artean, esaterako, saihesbidearen paralelo doan kalearen ibilbidea aldatzea aurreikusten dute. Hain zuzen, Goiko Kalearen antzekoa egitea aurreikusten dute, hartara, etxeak botatzea saihestuz eta araubide libreko etxebizitza bloke bat raikitzea ekidituz.
164 etxebizitzetatik %41 tasatuak

HAPOak “garapen arrazionala eta neurrizkoa” ekarriko duela dio udalak. Besteak beste, 164 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duela gogoratu du udalak,”nahiz eta Lurralde Zatikako Plangintzak aipatu Mundakan, gehienez, 309 etxebizitza eraikitzeko aukera dagoela”. Herritarrei etxebizitza eskuragarria bermatzeko asmoz, etxebizitza horien %41 tasatuak eta %59 araudi librekok izango direla jakitera eman du udalak.
Hala, plan horretan etxebizitza erabilera 122.197 m2koa izatea aurreikusten dute; industria erabilera, berriz, 126.198 m2koa izango da, ekipamendu erabilera 23.459m2koa eta espazio libreen erabilera 28.963m2koa. Azken horretan batzen du, esaterako, udal kiroldegia hainditzeko lur azal jakin bat prestatzea.
Aparkaleku kopurua handitu
Garapen arrazional horrek, gainera, “hazkunde jasangarria eta trinkoa” proposatzen duela azaldu du udalak, zeinek irisgarritasuna nabarmentzen duen. Zentsu horretan, autobus geltoki berria eta aparkaleku kopurua handitu (azaleko 90 aparkaleku eta lur azpiko 150 aparkaleku baino gehiago) eta barne komunikazioa hobetuko lukeen bide-ardatz berria egitea aurreikusten ditu behin-behinean onartutako dokumentu horrek.
Azken finean, HAPOaren aurrerapenak “herrigunearen egitura osatzea, duden industria eremuak finkatzea eta dotazio eta ekipamendu maila hobetzea” ditu helburu.