Guztien artean, 19. kazola garaile Mundakako sukalki txapelketan
Joan den asteburuan Lea-Artibai, Mutriku zein Busturialdeko hainbat tokitan ospatu zituzten sanpedroak; Mundakan, gainera, joan den asteburuan ez ezik, oraingoan ere izan da festa giroa. Herritarren artean ospe handia hartu duen sukalki txapelketa egin zuten, besteak beste. 40 kazola baino gehiago aurkeztu zituzten lehiaketara, eta, guztien artean, 19. zenbakia zereman kazolak irabazi zuen –argazkian–. Hala ere, ez da egitarauko ekintza bakarra izan aipatu txapelketa; eguenean, esaterako, play-back emanaldia egin zuten herriko txiki zein nagusiek. Barikuan, bestalde, Zumba, pala partiduak, danborrada eta musika emanaldiak izan ziren aukeran. Zapatuan egun handia izan zen mundakarrentzat; sukalki txapelketan parte hartzeaz gain, dantza egiteko aukera ere egon zen. Domekan, txistularien kalejiraren eta pelota partiduen ostean, su zirien azken trakak agurtu zituen sanpedroak datorren urtera arte.