
Zapatu honetan hasiko dira Ean bisita gidatuak egiten, eta irailaren 6rarte egongo da aukera bisitak egiteko. Ordu eta erdiko ibilaldiak prestatu ditu Udalak, herrigunetik nahiz Natxitua edo Bedarona auzoetatik paseatzeko. Hamabi urtetik beherakoentzat bisita doakoa da, eta nagusiek 5 euro ordaindu behar dituzte. Halaber, 3 euroko prezio berezia dute pentsiodunek, ikasleek, langabetuek, familia ugariek eta ezintasunen bat duten pertsonek.
Herrigunean zehar egindako bisitetan, besteak beste, Urtubiaga burdinolan, herriko zubietan, hondartzan, moilan eta talan egingo dituzte geldialdiak. Hala, Eako historiari eta ondareei buruzko informazio eta azalpenak entzungo dituzte bisitariek.
Bestalde, Natxitua eta Bedarona auzoetako bisitei dagokienez, gehienez zortzi pertsonako taldeentzat izango dira, eta aurretik erreserbatu behar dira. Horretarako interesa dutenek Turismo bulegora deitu (688 864 654) edo helbide honetara email-a bidali dezakete:
eabisitak14@gmail.com. Erreserbatutako bisitetan ordutegi zein data aldaketak egitea posible da, eta bisitak konbinatzeko aukera ere badago.
Selfie lehiaketa
Aurten berrikuntza moduan Selfie lehiaketa antolatu du Eako Udalak. Adinez nagusientzako da eta bakoitzak gehienez bost argazki bidali ditzake
eabisitak14@gmail.com helbidera. Emailean izen abizenak, N.A.N zenbakia eta herriko zein lekutan atera duten argazkia jarri behar da. Halaber, whatsapp bidez 688 864 654 telefonora ere bidali daitezke. Irailaren 6ra arteko epea dago bidaltzeko eta laster Facebook-en sortuko duten orrialdean ipiniko dituzte ikusgai.
Epaimahaiak argazkien kalitatea, sormena eta originaltasuna baloratuko ditu. Halaber, Udaleko web orriaren bidez emandako botoak ere kontuan hartuko dituzte. Irabazlea eatarra bada herriko jatetxe batean bi lagunentzako otordua izango da saria. Kanpokoa izanez gero udalerriko ostatu batean asteburu bateko egonaldia irabaziko du.
Lore Art-Ean
Halaber, lehenengoz antolatu dute baita Lore Art-Ean izeneko lehiaketa ere. Herriko etarteak eta etxaurreak lorez edota landarez apaintzen dituzten herritarrak sarituko dituzte horrela. Bi kategoria ditu: baserriak eta pisuak. Lehiaketan parte hartzeko uztailaren 11ra bitartean eman behar da izena udaletxean (goizez) edo liburutegian (arratsaldez).
Herritarrak animatzeko Udalak landare eta loreak erosteko %20-ko deskontua eskaintzen du Murueta Lorategian. Interesatuek behar dituzten loreen zerrenda udaletxean utzi behar dute, eta Udaletik kudeatuko dute erosketa. Abuztuaren 28an eta 29an ikusiko dituzte parte hartu duten etxaurre eta etarteak. Gero, irailaren 6an jakinaraziko dute zeintzuk diren irabazleak.
Ondareari balioa eman eta ezagutaraztea helburu
Gaur aurkezturiko egitasmo horiekin Udalak herriko aberastasun naturala sustatu eta ondare naturala, kulturala zein historikoa balorean jarri eta ezagutzera eman nahi du. Esteban Larizgoitiren berbetan, «beti esan dugu turismoa hiru oinarri hauetan nahi dugula sustatu: natura, ondarea eta nortasuna. Eta espero dugu uda honetan ere bisitari kopuru polita edukitzea Ean».
Hala ere, ekimenak ez dituzte bakarrik kanpoko bisitariei begira antolatu; eatarrek eta inguruko bizilagunek ere Eako ondareaz jabetzeko aukera ederra izango dute. Larizgoitik dioenez, «turismoa ez da bakarrik bisitarientzat; turismoa herria hobetzeko eta hemen bizi garenontzat ere izan behar da. Eta pentsatu dugu herria apaintzen saiatu behar garela».