
Iazko txapeldunak Gernika-Lumokoak
Bizkaiko 45. Herriarteko Esku Pilota Txapelketa jokatuko dute bihar Elorrion Markina-Xemein eta Gernika-Lumoko pilotariek. Kanpoko ala barruko frontoian jokatuko duten ez dakite oraindik; barruan jokatzeko materiala, behintzat, aukeratuta dute, eta kanpoan jokatzea erabakiko balute berriro egin beharko lukete piloten aukeraketa.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldetik Agirremalloa eta Ibarzola pilotariak lehiatuko dira kadeteeta; gazte mailan, berriz, Zubikarai eta Urizar, eta nagusienetan, azkenik,Malaxetxebarria eta Kastillo. Gernika-Lumoko Esku Pilota taldeko ordezkariak, bestalde, Arrizabalaga eta Pascual kadeteetan, Etxebarria eta Esain gazteetan eta Bilbao eta Irusta nagusietan izango dira.
Taldeak nahiko berdinduta
Taldeak nahiko berdinduta daudela diote Markina-Xemein eta Gernika-Lumoko entrenatzaileek. Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingoaren arabera, «Gernika-Lumoko nagusietan talde ona daukate eta gazte mailako aurrelaria ere bikaina da». Hala ere, Markina-Xemeingo entrenatzailearentzat urduritasunak eta tentsioak zerikusi handia izango du azken emaitzean.
Finala irabazten duenak Euskal Herriko Txapelketa jokatuko du datorren asteburuan, Araba, Nafarroa, eta Gipuzkoako txapelketetako irabazleen kontra.