
Gernika-Lumoko emakumezkoen saskibaloi taldeak kantxan lortuta igoera berretsi du bulegoetan. Gerardo Candina taldeko presidenteak jakinarazi duenez, “abala sinatu dugu, dokumentazio guztia eman diogu Bizkaiko Saskibaloi Federazioari, eta inskripzioa egin dugu”. Hala, Gernika KESB lehen mailako taldea dela dio. Espainiako federazioaren baieztapen ofiziala bakarrik falta da. Bihar (uztailak 4) zarratuko dute taldeak inskribatzeko epea.
Ametsa egi bihurtzeko, erakunde publikoen laguntza ezinbestekoa izan dela azaldu du presidenteak. Candinaren berbetan, udalaren eta Aldundiaren babesa izan dute. Udalak, esaterako, Malosteko mantenimendua hartuko du beregain. Hala, zenbait obra ere egin behar izango ditu udalak, zelaia lehen mailara egokitzeko. Hain zuzen, aldagelak, markagailua, barandak, eta teilatuaren zati txiki bat egokituko ditu.
Aldundiak jarriko duen diru kopurua, baina, oraindik ez dago zehaztuta. Hala ere, laguntza emateko prest agertu da herrialdeko erakundea.
Bestalde, taldeak argi dauka babesle pribatuen parte hartzea ere ezinbestekoa dela, proiektu sendo bat egiteko. “Presidenteak dioenez, zenbait babeslerekin berba egiten ari gara, baina oraindik ez dugu ezer sinatu”.
500 bazkide
Taldearen beste helburuetako bat, 500 bazkideren langara heltzea da. Hala, oinarri soziala izango luke Gernika-Lumoko taldeak.