
Mundakako arraunlariak iazko estropada baten
Potentzia handiko taldea ez da mundakarrena; hala uste du, behintzat, taldeko entrenatzaile Sabino Astigarragak. Horregatik, arraunean ondo aritzea ezinbestekoa dute, eta horretan ahalegintzen direla dio. Ondo egiteagaz, baina, nahikoa ez dela deritzo Astigarragak; bere ustez, ilusioa ezinbestekoa da hobetzea helburu nagusia denean. Ilusio horri helduta, beraz, egingo dute arraunean zapatutik aurrera, KAE 2 mailako denboraldian. Lehen estropada, Areetan lehiatuko dute, zapatuan, 11:30etik aurrera. Domekan, berriz bertoko taldea Santurtziko uretan lehiatuko da, 11:00etan hasita.
Ahul samar egin ditu Mundaka Arraun Taldeak aurredenboraldiko estropadak; atzean izan dira, eta, orain, apurka-apurka hazten joatea dute helburu; “egunero-egunero hobetzen joatea”.
Taldea aldatuta dakar aurten Mundakak: gazteagoa. 7-8 arraunlariren baja izan du, eta horrek taldearen maila pixka bat jaitsi duela uste du entrenatzaileak. KAE 2 “maila konplexua” dela deritzo Astigarragak, banderarik irabazi ezean, ilusioa galdu egiten omen delako. Denboraldi kaxkarra eginez gero, gainera, 7-8 baja beharrean, gehiago ere izan daitezkeela deritzo. Horregatik, oso zail izaten du urtero trainerua osatu eta uretaratzea.
2009az geroztik, urtero uretan
2009. urteaz geroztik, urtero salto egin dute uretara, eta alde horretatik pozik dira taldekoak. Entrenatzailearen arabera, beraien urteroko borroka da trainerua osatzeko gai izatea.
Behin uretan, helburua aldatu egiten da; aurten, esaterako, lehenengo zortzi onenen artean egotea dute xede. Anbizio handiko helburua dela argi du mundakarrak; “zaila izango da, baina pixkanaka-pixkanaka jomuga horretara gerturatzen joan behar gara”. Horretarako, gogo-aldartea landu eta indartu beharko du taldeak, gogoa eta ilusioa bereganatuz.
Gogo-aldarte baxua izanez gero, ez era batera ez bestera ez duzu arraunean ondo egingo, baina, egia da aurkaria ondoan izateak lehiatzeko motibazioa ematen dizula”
Sailkapeneko lehenengo zortzirak lau traineruko txandatan aterako dira, eta gainontzeko zazpi traineruak, berriz, erlojupekoan. Arraunaren funtsa lauko txandetakoan dagoela dio Astigarrak, horregatik borrokatu nahi du lehenengo zortziren artean kokatzeagatik. “Gogo-aldarte baxua izanez gero, ez era batera ez bestera ez duzu arraunean ondo egingo, baina, egia da aurkaria ondoan izateak lehiatzeko motibazioa ematen dizula”.
Orain arte ikusitakoaren arabera, Mundakako entrenatzaileak argi du: Deustu, Arkote, Hondarribi eta Zarautz dira ligako faborito. Mundakarren aurkari gogorrenak, bestalde, bertokoek ematen duten mailaren araberakoak izango dira.
Hobetzeko esperantzaz
KAE 1 mailan egoteko Mundakak zer beharko lukeen galdetzean, entrenatzaileak argi du erantzuna: “gazte mailatik seniorrera pasa, eta lanean jarraitzeko grina duen belaunaldi bat beharko luke”. Hori, baina, elkarte guztiek behar dutena dela aitortu du. Ilusioa galdu barik, hortaz, hobetuko duten esperantzaz egingo dute arraunean, aurten.