
Zapatuan Eako Txipiroi BBT martxa eta mendi lasterketa egingo dituzte. Martxan ibilbide luzea eta laburra izango dituzte aukeran partehartzaileek. Luzeak 40 kilometro izango ditu, eta 1.300 metroko desnibela. Laburrak ostera, 30 kilometro eta 1.000 metroko desnibela ditu. Bata zein bestea egin 9:30ean irtengo dira Eako hondartzatik. Aurretik apuntatu ez direnek 8:30etatik 9:15era izena eman beharko dute. Besteak beste, Otoi mendia, Ispaster, Bedarona eta Natxitua auzoetatik ibiliko dira. Leku zoragarriak zeharkatuko dituzte, esaterako errekaren eta kostaldeko bideei jarraituta.
Bestalde, 10:00etan hondartzatik irten eta paraje eder horietatik egingo dute mendi lasterketa ere. Besteak beste, 11 kilometroko ibilbidean talaia, Eako lapatza, Bedaronako landak edota Larrako tontorra zeharkatuko dituzte. Aurretik 9.00etatik 10:00etara apuntatuko dira izena emanda ez dutenak.
Mountainbike lasterketarako Federatuek 15 euro ordaindu behar dituzte, eta federatu ez direnek 20 euro. Bestalde, mendi lasterketarako federatuak diren korrikalariek 10 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuak ez direnek 14 euro.
Era berean, arratsalderako Txipiroi Txiki prestatu dute, umeentzako lasterketa. Aldapa gabekoa izango da eta 3 kilometro izango ditu. Gainera musika eta bizikleta jokoak ere egongo dira.
Elantxoben portutik irtengo dira
Domekan Elantxobeko laugarren mendi martxa egingo dute. Ibilbide luzekoak portutik 8:30ean irten eta 22 kilometro egingo dituzte. Laburrekoak ostera, 10:00etan abiatuta 8 kilometroko martxa egingo dute. Batean zein bestean Elantxobeko eta Ibarrangeluko txoko zoragarrietan zehar ibiliko dira. Dortsalen banaketa 7:00etatik 8:00etara egingo dute.
Ibilbidean zehar hiru hornidura gune egongo dira: Leunbe auzoan, Akordan eta Basetxe auzoan. Era berean helmugan ere egongo da hornidura gune bat, eta martxa amaitzean parrillada egingo dute denek batera. Gainera dutxa zerbitzua egongo da helmugan, eta partehartzaile guztiei kamiseta bana eta opari berezia emango dizkiete. 14 urtetik beherakoek 7 euro ordaindu behar dituzte eta gainontzekoek 12 euro.