
Bermeoko bizilagunek «beti erakusten duten laguntasuna» eskertzeko eta herritarren arteko elkartasuna sustatzeko, Danok bat, Danok batera jaialdi solidarioa egingo du Kate Sarea elkarteak uztailaren 17tik 20ra. Bertan batzen den dirua krisiaren ondorioak jasaten dituzten Bermeoko umeentzat eta gaixotasun baten ondorioz diru kantitate handia behar duten haurrentzat izango dela azaldu du elkarteak.
Moda desfile solidarioagaz emango diote hasiera jaialdiari hilaren 17an, eta hiru egun beranduago bukatuko dute, herrian zehar egindako lasterketagaz. Bitartean, jai giroa izango da nagusi Bermeon; 18an eta 19an Akatz, El Menton de Fogarty, The Uski’s, Clarisse, Steepers eta Snatzen taldeen musikagaz gozatzeko aukera egongo delarik.
Herritik herriarentzako lan egin nahi du Kate Sareak; hala, herritarren aldetik jasotzen dutena, gainontzeko herritarren artean banatu gura dute, eta, horretarako, «guztien artean lan egitea» ezinbestekoa dela deritzo elkarteak.
Horrela, Kate Sareak ez ezik, Izaro Bikersek, Kafe Antzokiak, Taraska Atletismo Taldeak, Demiku elkarteak, Erroxape elkarteak eta beste hainbatek lagundu eta parte hartuko dute hil honetarako antolatutako jaialdi solidarioan.
30 bat familia identifikatuta
Demiku elkartekoek azaldu dutenez, «arazo larriak dituzten familia ugari daude Bermeon, eta horiei herriak lagundu behar die». Hain zuzen, Kate Sareakoek jakinarazi dutenez, beharrizan larriak dituzten edota egoera berezia bizi duten 30 bat familia dituzte identifikatuta Bermeon.
Egitaraua, egunez egun
Uztailak 17
20:30ean. Moda desfile solidarioa Artza frontoian, gonbidatu bereziekin: Ana Urrutia eta Aitzol Zubizarreta eta Urdaibaiko arraunlariak, besteak beste.Sarrera: 3,5 euro (lau sarreratik gora erosiz, 3 euro sarrerako). Uztailaren 16ra arte sarrerak salgai Luma liburu-dendan eta Bermeoko Kafe Antzokian. Hilaren 17an bertan frontoiko lehiatilan salgai 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.
Uztailak 18
23:00etan. Kontzertu solidarioak Bermeoko Kafe Antzokian: Akatz, El Menton de Fogarty, The Uski’s eta Clarisse taldeak. Sarrera: 10 euro; Luma liburu-dendan, Bermeoko Kafe Antzokian eta www.kulturalive.com helbidean salgai.
Uztailak 19
09:30ean. Hasiera gosariagaz Goiko Plazako txosnan.
10:00etatik 12:00etara. Umeentzako tailerrak eta FM diskoteka.
18:30etik aurrera. Umeentzako tailerra: Egin ezazu afari-merienda, Zuk Zeuk.
20:30ean. Steepers eta Santzen taldeen kontzertua.
Uztailak 20
10:00etatik aurrera. Puzgarriak umeentzako Lameran.
11:00etan. Javi Conde eta Julen Urdaibai kirolariekin 5,5 kilometroko lasterketa solidarioa Lameratik abiatuta. Ondoren, herriko ikastetxeetako umeek egindako liburu solidarioa emango diote Bermeoko Udalari. Dortsalen salmenta: Euro bat 12 urtera artekoentzat eta euro bi gainontzekoentzat. Luma liburu-dendan eta Intersport, Kebi eta Sirocco dendetan salgai uztailaren 16ra arte. Hilaren 20an bertan, 09:30etik aurrera Lameran egongo dira salgai.