Kontratazioetarako diru laguntzak jasoko dituzte eskualdeko enpresek
Busturialdeko Udalek sustatuta, kontratazioak egiteko diru laguntzak jasoko dituzte eskualdeko enpresek Lanbide Ekimenen eskutik. Diru laguntza horien helburua «enplegua sustatzea eta eskualdeko garapen ekonomikoa bideratzea» dela jakinarazi dute. Guztira, 126.000 eurokoa izango da laguntza, eta horregaz, 21 kontratu inguru egitea aurreikusten dute.
Diru laguntza horiez baliatu gura duten enpresek Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik irailaren 5era bitarteko epea izango dute eskaera egiteko. Enpresa horiek, bestalde, 2015eko maiatzaren 31ra arteko epea izango dute kontratuak egiteko.
Sei hilabeterainoko laguntzak
Sustatzaileek azaldu dutenez, diru laguntza horiek gutxienez hiru hilabeterako eta gehienez sei hilabeterako diren kontratuentzako bideratuko dituzte; dena den, diru laguntza gehienez 6 hilabeterako izan arren, kontratuak gehiagorakoak ere izan ahalko dira. Kontratu mota, aldiz, edozein eratakoa izan ahalko da, prestakuntza eta ikasketa kontratuak izan ezik; betiere, lanaldi osoa edota lanaldi partziala (gutxienez %50 ) eskainita.
Hala, lanaldi osoko sei hilabeterako kontratuetarako gehienezko laguntza 6.000 eurokoa izango da, eta kontratatutako pertsonak laneratzeko zailtasunak dituztenenak badira, berriz, 9.000 eurokoa. Diru laguntza horiek beste diru laguntza batzuekin bateragarriak direla azaldu dute; betiere, soldataren %100a gainditzen ez badute.
Laguntza horien gaineko informazioa gura duenak Busturialdeko udaletako webguneetan izango du deialdia arautzen duten oinarriak eskuragarri. Horrez gain, Eskualdeko Garapen Agentzietan ere jaso ahalko dute informazioa herritarrek: Bermeoaldeko Behargintzan (94 617 91 90 -behargintza@bermeo.org) zein Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak-en (94 625 57 58-enpresa@lanbide-ekimenak.com).