
Jai giroan ibili dira azken asteotan Ibarrangelun eta asteburuan jaiei amaiera emateko herritar asko batu dira. Paella txapelketa, pala eta eskupelota partiduak eta mendi martxa egin dituzte.
Zapatuan Eleixalde ingurua jendez bete zen paella txapelketan, zeinek paella gozoena prestatzeko. Bederatzi kazola aurkeztu zituzten, zein baino zein dotoreago, eta lehenengo hirurek sari ederrak jaso zituzten. Eguraldi nahasiaren eraginez, arkupeetan babestu ziren ibarrangeluarrak, baina, eguraldiaren gorabeherek ez zizkieten jai giroa eta umore ona zapuztu. Gainera, musika lagun izan zuten paellak prestatzen zituzten bitartean.
Bazkalostean, Ibaetako frontoian elkartu ziren Gorpuzti jaietako pala eta eskupelota txapelketak ikusten. Besteak beste Gautegiz-Arteaga, Ea, Elantxobeko eta Ibarrangeluko 25 bat umek eta gaztetxok jokatu zituzten partiduak. Halaber, nesken Bizkaiko eta Euskadiko lehen mailako pala txapeldunek jokaturiko norgehiagokan erakustaldia eman zuten. Araiztegi eta Isasmendi bikoteak 30 eta 18 irabazi zieten Arrizabalaga eta Villanuevari.
Bestalde, domekan 180 bat lagunek egin zuten Ibarrangeluko bosgarren mendi martxa. Herriko eta inguruetako mendizaleek asko gozatu zuten ibilbideko ingurune ederraz, eta martxarako giro aproposa egin zuenez, gustora ibili ziren denak. Besteak beste, Ibinaga, Lastarria, Laga, Akorda, Lugarrio, Arketa, Atxerre, Garteiz, Tremoia eta Durukiz zeharkatu zituzten.