
Gernika-Lumoko gazteak batzea helburu duen Egurre gazteen bilgunea sortu dute. Herriko gazteek dituzten gabeziak betetzea du helburu bilgune horrek. Sentsibilitate ezberdinak dituzten herriko gazteak batzea dute asmo, eta gauzak egiteko gogotsu dauden denei bilgunearekin bat egiteko deia egin diete. Gernika-Lumoko gazteak kalera ateratzea eta beraien artean harremanak sortzea da helburua. Ez dago herriko gazteen errealitatea bere osotasunean isladatzen duen talderik. Eta, hain zuzen, hutsune hori betetzera dator Egurre.
Gazte Olinpiadak eta Gazte Eguna
Gazteak batzeko, olinpiadak antolatu ditu Egurrek: aurreko urteetan ere egin izan dira gazte olinpiadak udan; baina aurten sortu berri den bilguneak antolatzea erabaki dugu, ezagutzera emateko; hala, herriko gazteek guk zer eskaintzen dugun ezagutu ahal izango dute, eta guk ikusi ahalko dugu jendeak zer duen emateko. Uztailaren 8an hasi eta abuztuaren 13ra bitartean, martitzenero egingo dituzte olinpiadak, Pasealekuan, 18:30etik aurrera. Azken eguna, baina, berezia izango dela iragarri dute Egurreko kideek. Izan ere, olinpiaden finalarekin batera, Gazte Eguna ere ospatuko dute, abuztuaren 13an. Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaien bezperan egingo dutenez, egun osoko egitaraua antolatu dutela zehaztu dute gazteek: Eguneko ekitaldiez gain, gauean kontzertuak izango dira. Olinpiadetan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik. Horretarako azken eguna barikua dela eman dute jakitera –uztailaren 4a–. Parte hartzeko, sei laguneko taldeak egin behar direla azaldu dute antolatzaileek. Ondo pasatzeaz gain, gazteek elkar ezagutzea da olinpiaden helburua.