Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako kasazio helegitea jarriko du Bermeoko Ualak
Bermeoko Udalak kasazio helegitea jarriko dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziari; epailearen autoaren arabera, San Miguel Auzoko lurzoru bat eraikitzeko lurra dela dio sententziak, hiri-lurra beharrean (Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aurreikusten den bezala). Bermeoko Udalaren arabera, aurreko legealdian onartu zuten HAPO hori behin-behinean, EAren abstentzioagaz. Hala, udalak dio HAPOak berak biltzen zuela San Migeleko lur horiek hiri-lur izatea.
Era berean, udalak gogorarazi duenez, behin-behineko onarpen horren ostean, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzaren Batzordearen oniritzia jaso zuen plan orokorrak, eta, hala, 2011n behin betiko onartu zuen osoko bilkurak aho batez.
Halaber, hainbat komunikabidek kaleratutakoa ezeztatu egin du udalak eta adierazi du aipatu lursailetan ez dela inolako birkalifikatzerik egin; alegia, «lurzoru hori hiri-lur bezala izendatu eta onartu zen aurreko legealdian onartutako HAPOan», argudiatu du.
Lurzoru horretan egiten dabiltzan 16 etxebizitzen lizentzia, bestalde, «legea betez» eman dela adierazi du udalak; hortaz, ez dela «inolako lege hausterik» egin esan du. Lizentzia hori ez ematea litzateke udalaren arabera, legez kontrakoa. Hala ere, eraikitzeko lurrak izanik ere, «etxeak egin egin daitezke, era ezberdinean banatuta».