
Etenik gabeko taupadek mantentzen dute bizirik bihotza, eta hainbat taupada izan dira Pasileku parte hartze prozesuan. Prozesu horrek utzitako emaitzak kalera aterako dituzte bariku honetan, ekainaren 27an. Erakusketa antzeko bat egin nahi dute, Pasealekuan bertan, 19:30ean hasita; eta jendearen iritzia jasotzeko ere baliatu gura dute aurkezpena. «Horretarako, gune bat egokituko dugu, eta herritarren iritziak batu nahi ditugu, bai idatziz zein bideoan grabatuta».

Asko izan dira Gabonetatik hona parte hartze prozesuan parte hartu duten herritarrak; baina jakin badakite askoz ere gehiago izan zitezkeela: «Eta hainbat arrazoi direla medio orain arte parte hartzerik izan ez dutenei era horretarako aukera eman nahi diegu. Gero eta herritar gehiagok parte hartu, askoz hobeto; prozesua aberatsagoa izango da».
Pasealekua zelakoa izango den definitzen joango dira, denborarekin.

Baina definizio horrek zeintzu oinarri izan behar dituen argi dute parte hartze prozesuaren sustatzaileek: publikoa, parte hartzailea, txikitik handirakoa, harremanen sustatzailea, belaunaldien artekoa, izaera propioduna, herriaren adierazlea, ondarea balioan jarriko duena, erakargarria, alaia, bizia, anitza, inklusiboa, irisgarria, iraunkorra, bideragarria, moldakorra eta eraginkorra.