Ibarrangelun eguenean ozpatu zuten Gorpuzti eguna, eta barikuko txupinazoarekin jaiei hasiera ofiziala eman zieten. Ostean herriko trikitixa eskolako ikasleen emanaldia eta bertso saioa egin zituzten. Eta bariku gaua Gailur taldearen eta Joxpa erromeriaren doinu artean dantzan pasatu zuten.
Biharamunean, zapatuan Baserritar jantzita herri bazkaria egin zuten 165 bat lagunek Ibaeta auzoko frontoian. Bazkalostean, Obietaren erromeriarekin kantuan eta dantzan ibili ziren. Eta iluntzeko euskal erromeriarekin ere dantza eta kantu ezagunekin gorputzak astintzen eta eztarriak berotzen segitu zuten. Gero gauean Skakettan, Governors eta Morphinapous taldeen kontzertuetan Ibarrangeluko zein inguruetako herritar asko batu ziren.
Domekan ere lagun asko batu ziren herriko Lorea dantza taldearen saioa ikustera. Arratsaldean, berriz, umeen jolasekin primeran pasatu zuten udalerriko txikienek.
Paella txapelketa zapatuan
Asteburu honetan ere ez dute aspertzeko astirik izango ibarrangeluarrek. Zapatuan paella txapelketa egingo dute; 12:00etan egingo dute izen ematea, eta paellen aurkezpena 14:00etan izango da.
Bestalde arratsaldean, pala eta esku pelota partiduak egingo dituzte. 17:00etan hasiko dira, eta Gautegiz-Arteaga, Elantxobe, Ea eta Ibarrrangeluko umeek jokatuko dituzte.
Domekan Gorpuzti jaiak behar den moduan borobiltzeko mendi martxa egingo dute.