Domekan baselizaz-baseliza ibilaldiak egingo dituzte Gautegiz Arteagan eta Morgan. Mundakan, berriz, Urdaibaiko itsasadarra zeharkatu eta Ibarrangelu ingurutik egingo dute ibilbidea.
Aurten hamargarren urtea beteko du Gautegiz Arteagako martxak. Doakoa da eta 10:00etan irtengo dira herriko plazatik. Handik San Antolingo ermitarantza joango dira, eta ostean Karmen ingurura. Segituan San Bartolome eta San Lorentzo baselizetan egingo dituzte geldialdiak, eta hortik hasierako lekura bueltatuko dira. Gutxi gorabehera hamabi kilometroko ibilaldia egingo dute.
Morgan bi ibilbide
Bestalde, Morgako bosgarren baseliza ibilaldian martxa luzea eta laburra egingo dituzte. Lehenengoa egingo dutenak 08:30ean irtengo dira Andra Maria auzotik. Bigarrenekoek, berriz, 10:00etan ekingo diote bideari leku beretik.
Ibilaldi luzean hogeita hiru kilometro pasatxo egingo dituzte; laburrean hamabi kilometro eta erdi. Besteak beste, Talleri, Bizkargi, Eskerika, Gerekiz, Meakur, Meaka, Altamira, Oñarte eta Okorikon zehar ibiliko dira. 14:00ak aldera Andra Mari auzora heldu eta denen artean hamaiketakoa egingo dute.
Egunean bertan izena emango dutenek hamabi euro ordaindu beharko dituzte, eta hamabi urterarteko umeek bost euro.
Itsasadarraren beste aldera
Mundakako mendi ibilaldian Urdaibaiko itsasadarraren beste aldera joango dira. 08:00etan irtengo dira herriko Isla Kale kiroldegitik. Handik Sukarrietara joan, barkua hartu eta Laidako hondartzara helduko dira. Ostean, Gametxorako bidea hartu eta Akordatik Elantxobera joango dira, bertatik Ogoño mendira pasatuko dira. Ogoñotik jaitsi, eta Ibarrangelutik zehar Tremoira eta Garteizera joango dira. Segituan San Pedro Atxarre bisitatu eta Laidara jaitsiko dira, handik Mundakara bueltatzeko.