Jarraipena bermatzeko bidean
Astran batzen dira astero. Kideen berbetan talde «dinamikoa» sortu dute denen artean eta hainbat lan taldetan antolatuta banatzen dituzte zereginak. Arrolapeko kideen helburu nagusia taldearen jarraipena bermatzea da. «Sortu denaren jarraipena,gogoen jarraipena, emaitzen jarraipena, dugun giro ezinhobe honen jarraipena», esan du Uriartek.
Talde gaztea eta hasiberria da, eta kideek diotenez helburua ez da ehundaka mendizalez osaturiko taldea sortzea. «Horrela balitz dugun esentzia galduko genukeen susmoa daukagu. Kirol maila eta adin desberdinez osaturiko lagun talde bat izateaz harro gaude, eta hemendik aurrera ere sentsazio, sentimendu eta pentsaera berdina izan nahiko genuke».
Lasterketetan lehiatzen diren korrikalarien eta martxetara doazen oinezkoen kopuruan gorakada nabaritu da azken urteetan. Joanes Goitisoloren berbetan, «urtetik urtera jende gehigok hartzen du parte, eta eskertzekoa da zaletasun hau hedatzen joatea».
Zaletasuna baino gehiago da eurentzat mendia eta aurten beste pauso bat eman dute. Campos Kontserbek babestutako Busturialdeko Mendi Lasterketen Teknifikazio Eskola sortu dute. 18 eta 23 urte bitarteko gazteei kirol honetan murgiltzeko aholkularitza eta jarraipen egokia ematen diete. Mendi lasterketen ezaugarriak, entrenamenduak eta beste hainbat ezagutza landuz. «Hasiberrietan nahiz maila aurreratuagoetan talde lanaren eta laguntasunaren ezinbesteko baloreak transmititzen dizkiegu, bakarkako kirola izanagatik ere horiek funtsezkoak direlako», zehaztu dute laurek. Euskal Herrian aintzindaria den formakuntza eskola da. Herrialde Katalanetan, esaterako, badituzte antzekoak.
Bestalde, aurten ere Urdaibai Kopa antolatu dute .«Sailkapen orokorreko txapeldun izateko hautagai nahikoa gaude, eta lehia estua dago gizonezkoetan zein emakumezkoetan», azaldu du Imanoñ Goñik. Txapelketa bost lasterketen osatzen dute eta horietatik lau lehiatu dituzte dagoeneko. Bosgarrena irailaren 17an egingo dute Foruan. Orduan jakingo da zein den aurtengo txapelduna.


