
Gora Japon taldeak bigarren diska aurkeztuko du Gernika-Lumon
Arto Artian plataformak antolatuta, jaialdi berezia egingo dute zapatuan (ekainak 14) , Astra kulturarako fabrika sozialean. Hain zuzen, musika esperimentalak hartuko du Gernika-Lumoko eraikina, Astro Artian jaialdiaren barruan.
Arto Artian plataformak musika mota esperimentalak ezagutaraztea bilatzen du. Ez dago musika estilo jakin batean oinarrituta, bere helburu nagusia inguruotako zenbait artista interesgarriren lan pertsonalak sustatzea eta banatzea baita. Hala, egitasmoak ez ditu kontuan hartzen musika estiloak.
Plataformaren katalogoan agertzen diren lanak nagusiki autoekoizpenak eta diskoetxe txikiek argitaratutako grabaketak dira. Hala, Arto Artianek ekoizpen horiek dituzten mugak gainditu nahi ditu, katalogo osatu baten bitartez lan horiek guztiak ezagutaraziz.
Plataformaren katalogoa
www.artoartian.org helbidean dago ikusgai. Han plataformako kide diren edo izan direnen lanak batu dituzte. Hausnarketa prozesu baten ostean, plataformak zenbait egokitzapen egin ditu katalogoan, eta moldaketa horiek lagungarriak izatea espero dute
Biharkoa, hortaz, musika esperimentala hedatzeko egun bat izango da. Alde horretatik, hainbat izango dira Astran batuko diren sortzaileak, beraien lanak ezagutarazte aldera.
Kontzertuez eta bideo proiekzioez gain, antolatzaileek bi aurkezpen egingo dituzte. Alde batetik, Arto Artian-en webgune berria aurkeztuko dute. Beste alde batetik, Gora Japon taldeko kideek bigarren lan luzea aurkeztuko dute.
EGITARAUA
- 11:30ean. Oier Iruretagoienaren kontzertua Astrako babeslekuan.
- 12:00etan. Azokaren irekiera: Arto Artian, Riot Flesh & Puerta, Banizuke Nizuke, Bidehuts, El Gallo de Oro, Building, Pop Pilulak, Grace Livingstone eta Lavandera.
- 13:00etan hasita. Arto Artian plataformaren webgune berriaren aurkezpena; Gora Japo taldearen bigarren diskoaren aurkezpena; Miguel A. Garcia & Loty Negartiren kontzertua.
- 14:30ean. Lagunarteko bazkaria.
- 16:00etatik aurrera. Bideo proiekzioak: Aladino and His Friends, Al Karpenter eta Sing Sad Songs.
- 18:00etan. Kafea eta Galletak (39. saioa). MGMT taldearen Oracular Spectacular diskoaren entzunaldia, eta Colombina’s taldearen kontzertua.
- 19:30etik aurrera. Musika kontzertuak: Amorante, Ainara Legardon, Abandoned Buildings, Bazterrak, Magmadam, Inazio Escudero, Elbis Rever, Minusculo, DJ Yuju! eta DJ Rukula.