Eskualdeko hainbat kirolari lehiatuko dira Zarauzko Triatloian
Zarauzko hogeitazortzigarren triatloia egingo dute bihar, eta eskualdeko kirolariak lehiatuko dira. Gernika-Lumoko Urdaitri taldetik Mikel Elgezabalek, Roberto Floresek, Aitor Azcoagak, Gotzon Gondrak eta Ander Gondrak egingo dute proba. Bermeoko Aritzatxu taldetik berriz, Jon Anituak, Ibon Madariagak, Joseba Madariagak eta Iñigo Perezek parte hartuko dute.
Biharko triatloian hiru kilometro inguru igerian, laurogeita bat kilometro bizikletaz eta hogei kilometro oinez egin beharko dituzte partehartzaileek. 650 bat lagunek eman dute izena; horien artean daude punta puntako triatletak. Garrantzia handiko proba da eta Euskal Telebistak zuzenean emango du. Triatloia bazkalorduan hasiko dute Getariako hondartzan. Hala, igeriketa proba egingo dute lehenengo. Emakumezkoak 14:00etan irtengo dira, eta gizonezkoak ordu laurden beranduago, 14:15ean. Igeriketa proba amaitzean, bizikleta hartu eta laurogeita bat kilometro egingo dituzte, eta azkenik, oinez helduko dira udaletxeko plazan egongo den helmugara.
