
Bigarren lan luzea atera du El_Txef_Ak
Lehenengo diskoak zuen freskotasuna ez du bigarrenak.
We walked home together lanarekin dator Aitor Etxebarria El_Txef_A gernikarra; esentzia mantenduz baina tenpo lasaiagoekin: “Elektronika gutxiago eta pop gehiago”. Oraingoan B aldeko elektronika dakarrela dio, eta prozesuak luze jo duen arren, emaitzarekin pozik dela.
Bederatzi track ditu lan berriak, eta horiek sortzeko kolaborazio ugari izan ditu. “Aniztasuna bilatu izan dut, gainera”. Hala, Los Angeleseko (California, AEB) Woolfy-ren laguntza izan du
The love we lost sortzeko; baina gertuko jendea ere ondoan izan du albuma osotzeko: “Nire anaia den Hibai Etxebarria pianoan; Audience taldeko Hannot Mintegia (
You Left Us In This Physical World); Norman taldeko Beñat Narbaiza
Biskonti (
Someone Is Gonna Paint You Another Sky); Meggy (
Everyday Is Blue Monday) Napoka Iria taldea (
Mugarrirantz)…”. Elgoibarko taldearen laguntzarekin, gainera, euskarazko lehenengo konposizioa kaleratu du El_Txef_Ak. “Gustuko ditudan artistak eta abeslariak dira; gainera, lagunak ditut, eta eroso ibili naiz haiekin lanean”.
Bi urte joan dira bere lehen lan luzea atera zuenetik (
Slow dancing in a burning room); baina bigarrenerako prozesuan artista legez heldutasun puntu bat lortu duela uste du gernikarrak: “Gauzak pentsatuta egin ditut; zer sortu nahi nuen, eta nire karrera profesionala norantza bideratu nahi dudan. Lehenengo diskoarekin ez nuen halako hausnarketarik egin, baina bigarrenarekin gauzak serioago hartu ditut”. Definituagoa da, “marka bat utzi nahi dut”; eta seriotasun handiagoa erakusten du, “koherenteagoa da”. Lagunartean sortutako zigiluarekin atera du bere bigarren lan luzea ere: Fiakun. Eta salmentaz ere beraiek arduratzen dira.
Lan honekin marka bat utzi nahi dut”
Slow dancing in a burning room lanarekin egin bezala, bigarrena ere bi formatotan kaleratu du Etxebarriak: CDan eta biniloan, “eta binilo ia guztiak saldu ditugu. Gehienbat, Alemanian, Japonen, Inglaterran eta Amerikako Estatu Batuetan saldu da nire azken lan hau ere. Posta elektronikoz eska daiteke (store@fiakun.com)”. Lehenengo lan luzearen biniloak ere denbora gutxian saldu zituztela gogoan du: “Hilabetean atera genituen binilo guztiak saldu genituen. Horregatik, Slow dancing in a burning room lana berreditatu egingo dugu orain”.
Kritika onak
Bigarren lana lehenengoa baino helduago datorrela dioen arren, malenkolia ere aipatu du El_Txef_Ak. Dioenez, bizipenek markatutako diskoa dela esan daiteke, hein batean. Dena den, nahasketak nahasketa, emaitzak ez du inor axolagabe utzi. “Diskoa atera eta aurreneko asteetan Japonen eta Txinan izan naiz, lan berriaren aurkezpena egiten”; eta bere lan berriak harrera ona izan duela aipatu du: “Gustura ibiltzen naiz kanpoan nik egiten dudana erakusten, eta han nire musika ezagutzen dutela ohartzeak bete egiten nau; esaterako, Japonen izan nintzenean neska bat etorri zitzaidan orain hiru urte atera nuen lanarekin esku artean”.
Gustura ibiltzen naiz kanpoan nik egiten dudana erakusten”
Musika elektronikoaren munduan kritika oso onak izan ditu El_Txef_Aren bigarren lan luzeak.
Ezagunak diren artistak ere bere biniloak pintxatzen ikusi ditu El_Txef_Ak. Dioenez, plazera da artista ezagunak bere biniloekin ikustea: “Nire albuma ez da hain elektronikoa; gehienbat, lasai-lasai entzutekoa da. Hala ere, ikusi izan ditut artistak nire albumak pintxatzen, miretsi izan ditudan musikariak”. Underground eszenan kokatzen du bere burua, baina bere lan berriaren eraguna eszenaren barruan ona izaten ari dela aipatu du: “Techno eta House musikaren izarrek ere idatzi izan digute, lan ona atera dudala esateko”. Mundu horretan bere lekua egiten ari delaren seinale.
Orain,
We walked home together LP-ak izan duen harrera ona disfrutatu nahi du. Eta lan hori aurkezteko munduko hainbat lekutara bidaiatuko da. “Urte amaiera arte kanpotik ibiliko naiz: Europan eta Amerikako Estatu Batuetan”. Valentziako Electrosplash jaialdian izango da, eta BBK Live-en jotzeko gonbidapena egin diote. “Bestalde, niretzat erreferente izan den Miamiko The Electric Pickle Company-n joko dut ekainaren 28an. AEBetara egingo dudan bidaian, gainera, New Yorken joko dut, Brooklynen; baita Detroiten, Washingtonen eta Chicagon ere. Euskal Herrian saioak emateko apenas deitzen didate, eta beti amestu izan ditudan lekuetan izango naiz”.
Fiakun
Musika elektonikoaren eszenak Euskal Herrian oraindik orain kabida gutxi duela uste du Etxebarriak. Euskal Herrira dena beranduago heltzen dela dio, etsipen puntu batekin: “Adibidez, nire promoa euskal irrati kateetan baino lehenago entzun zen Espainiakoetan”. Hala ere, lan interesgarria egiten ari direla uste du, “eta Gernika-Lumon, esaterako, gero eta jende gehiagok duela gustuko gure musika”.
Fiakun Team du buruan. Zigilua izateaz gain, musika elektronikoa lantzen duten musikarien taldea ere badelako Fiakun. Hiru urte bete dute, eta Bartzelonako Sonarren izan ziren atzo,
3 years of Fiakun bildumarekin. “Alemaniako hiru artista, Euskal Herriko beste hiru eta estatubatuar bat batuko gara han, Bartzelonako zabaltza batean. Euren lanak Fiakun zigiluarekin atera dituzten artistak dira denak, eta egun osoko saioa izango da: goizetik gauera”.
Oraingoz bigarren lanak eman dion aukerarekin gozatu nahi du, “bidaiatu, eta saioak eman”. Hirugarren lan luzea ateratzerik ez du baztertzen, “baina oraindik ez. Urtebete edo hartuko dut, eta lasai ibiliko naiz, disfrutatzen”.