'Ciutat morta' proiektatuko dute bihar Astran
http://vimeo.com/71703409
Bartzelonako 4F kasua Gernika-Lumora ekarriko dute bihar Xavi Artigas eta Xapo Ortega zuzendariek. 19:30ean hasiko da proiekzioa, eta Bartzelonako polizia korrupzioaren kasurik ilunenetakoa dakartzate Ciutat Morta dokumenatalarekin. Malagako festibalean zilarrezko biznaga irabazi dute, eta aipamen berezia jaso dute Tenerifeko MiradasDoc-en.
Ortegak azaldu duenez, lau gazteren kasua azaldu nahi dute. 2006ko otsailaren 4an udaltzainak Bartzelonako etxe okupatu batera joan ziren; horietako bat larri zauritu zuten eta, ondorioz, bederatzi lagun atxilotu zituzten. Lauren kasua azaldu gura du dokumentalak, atxiloketa arbitrarioak izan zirelako. «2011n, baina, atxilotuetako batek, Patricia Herasek, bere buruaz beste egin zuen. Urte berean, gainera, Bartzelonako bi polizia kondenatu zituzten mutil bat atxilotzeagatik, torturatzeagatik eta diskoteka batean drogak saltzearen akusaziopean frogak faltsutzeagatik. Bi polizia horiek 4F kasuan atxilotutako lau lagun horien lekuko bakarrak dira».
Ortegak dioenez, dokumentaleko protagonista diren lau gazteek ez zuten zerikusirik 2006ko otsailaren 4an etxe okupatu hartan egin zuten jaiarekin. «Kalean atxilotu zituzten, eta Patricia [Heras] ospitale batean atzeman zuten. Bizikletan zihoala erorikoa izan zuen, eta ospitalean zela atxilotu zuten, bere itxuragatik». Patricia Heras eta bere lagun Alfredo Pestana ez ziren etxe okupatuko jaia horretan izan.
Salaketa egin nahi du dokumenatalak: atxiloketa arbitrarioetatik hasi, poliziaren inpunitatea eta prozesu judizialean eman izan diren irregulartasunak barne.