Foruko Upeta errekak gainezka egiten duenean hainbat arazo sortzen ditu Karabi inguruan, Urberuaga eta Baldatika auzoetan eta baita Errigoitiko Metxikas auzoan ere. Horri irtenbidea emateko, udalak Upeta errekaren egokitzapen hidrografikorako proiektua gauzatzeko akordioa sinatu zuen URA agentziagaz. 2013ko urte amaieran hasi zituzten aipatu errekaren bideratze lanak; orain, azken fasean daude: fabrika-zubi bat eraikitzen.
Karabia ingurua zarratuta
Lan horiek egiten dituzten bitartean, Karabia inguruaren sarbidea zarratuta mantenduko dute oinezkoentzako zein ibilgailuentzako uztailaren 27ra arte. Hala, Baldatika, Armotxerri eta Urberuaga auzoetako bizilagunek Landaberde taberna ingurutik irten behar dute.
Hain zuzen, estalperik bako areka eraiki dute orain arteko lanen bidez, bertan ura batu eta bertatik bideratzeko. Izan ere, lanak egin aurretik, euriteen ondorioz, urak gainezka egiten zuen eta arazoak sortzen zituen lur pribatu zein bide publikoetan. Orain, baina, ubideak errekan behera eramango du ura, inguruan gainezkatze arazoak saihestuz.
Martxan dagoen azken fase horregaz bukatuko dituzte, beraz, Upeta errekaren bideratze lanak, eta horien bitartez, gainezkatze arazoekin bukatzea da udalaren asmoa.
Irisgarritasuna lehentasuna
Foruko Udala «pozik» da egindako beharrekin, guretzako auzoen irisgarritasuna lehentasuna baita». Hala, lan horiekin helburuak bete dituztela aitortu du Jane Eyre Urkieta Foruko alkateak. Gainera, herritar guztiak eskertu nahi izan ditu, «herrirako hain garrantzitsua den proiektua garatzeko eskainitako laguntzagatik eta pazientziagatik».