Beste urte batez, arrozak Gernika-Lumoko kultura desberdinak batu ditu. Lagunarteko giroan, herrialde desberdinetako 150 pertsona inguruk parte hartu zuten Munduko Arrozak kultura aniztasunaren aldeko ekimenean.
Lehiaketara zortzi arroz mota aurkeztu zituzten parte hartzaileek. Afrikako, Hego Amerikako eta bertoko platerak dastatu zituzten epamahaiko kideek, eta Gernikesa Txirrindulari taldearena hautatu zuten irabazle bezala. Bigarren postuan, bestalde, Ideasurreko kideak sailkatu ziren.
Txapelketa alde batera utzita, “guztiek irabazi” dutela deritzote antolatzaileek. Izan ere, lagunarteko giro ikaragarri onean “inoiz baino interakzio gehiago” izan dela gogorarazi dute. Hala, “herriko kultura desberdinek beste aurrerapauso bat eman dute elkar ezagutzeko”.
Aurtengo berritasunen artean, Senegalgo talde baten parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek. “Pozarren gaude, eta aurrerantzean ere jendea batzen jarraitzea espero dugu”. Helburua elkarrekin ondo pasatzea da; eta, horrenbestez, aurten parte hartu ez dutenek datorren urtean izango dute beste aukera bat.
Herrialde desberdinetako biztanleek elkar ezagutu dezaten, Bollywood-eko, Senegalgo eta Boliviako dantzak ere izan ziren Pasealekuan.