'Euskararen Bihozfera' bete dute milaka lagunek
https://www.youtube.com/watch?v=3GpKEJoCE54
Euskararen Bihozfera jendez betetzen hasi da lehen ordutik. Ibilaldiko hasiera ekitaldia, esaterako, jendetsua izan da, eta momentu horretatik aurrera milaka lagunen elkargune bihurtu da Gernika-Lumo. Guneak eta ibilbidea jendez gainezka daude eguerditik aurrera, eta apurka-apurka euskaltzaleek bertoko herrira heltzen jarraitzen dute.
Ordu bete inguruko ekitaldiaren ostean, 10:30ak aldera zabaldu dute Bizkaiko ikastolen jaiko ibilbidea. Aurten lau gune eta 6,5 kilometro dauzka ibilbide horrek, eta berorren barruan ederto pasatzeko aukera izango dute Gernika-Lumoko Ibilaldira bertaratutakoek.
Hasiera ekitaldia oso jendetsua izan da, eta lehen ordurako hainbat izan dira Gernika-Lumora gerturatutako euskaltzaleak. Hala ere, goizean zehar milaka lagun gehiago heltzea aurreikusten dute antolatzaileek.
Hasiera ekitaldia Jon Andoni Uriarte Seber Altube ikastolako ordezkariak eta Amaia Uribe kazetariak gidatu dute. Hala ere, hainbat izan dira hasiera ekitaldian berba hartu duten lagunek. Hain zuzen, Seber Altube ikastolako Guraso Elkarteko kide batek, Jose Maria Gorroño herriko alkateak, Andres Urrutia Euskaltzainak, Juan Carlos Gomez Ibilaldi elkarteko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen elkarteko ordezkariak, Arantxa Aurrekoetxe Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak, Ana Oregi Ingurumen sailburuak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak parte hartu dute.
Hizlari guztiek goraipatu dute ikastolek azken 40 urteetan jorratutako bidea, eta norabide berdinean jarraitzeko asmoa agertu dute. Hala, euskara bultzatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi dute. Izan ere, euskararen egoera asko hobetu den arren, XXI mendeko erronka berriari egin behar diote aurre euskaltzaleek: jakintzatik erabilerara salto egitea.
Urrutia euskaltzainak, esaterako, Arestiren Harri eta Herri liburua izan zuen berbagai. “Harri izan gara urte luzeetan, oztopo handiei aurre egin behar izan diogulako, baina herri izatera pasatu behar gara. Herri egiten gaituen euskarak bizirik jarraitzea bermatu behar dugu”.
Gomez eta Tellituk ere, oraindik bide luzea falta dela deritzote. “Normalkunztaren bidean gaude, baina ez gara helmugara iritsi” nabarmendu dute. Tellituk gaineratu duenez, Euskal Herriak hezkuntza eredu propioa behar du, eta norabide horretan ari dira lanean. LOMCEri aurre eginez, bertoko eredua garatzeko deia egin dute Ibilaldiko hasiera ekitaldian.
Bilbao Ahaldun Nagusiak, iragana ez ahazteko deia egin du. “Ezin dugu ahaztu izan ginena, zer izango garen zehazteko” esan du. Hala, Seber Altube ikastolari lanean jarraitzeko eskatu dio Bilbaok. “Kalitatezko hezkuntza euskaraz eskeiniz, milaka gazte gure hizkuntzan hezi ditu ikastolak, eta berdin jarraitzea nahi dugu”.
Dantza saioak eta kimuen landaketa hasiera ekitaldian
Hasiera ekitaldian ikastolako zenbait gaztek ere parte hartu dute. Alde batetik dantza garaikide ikuskizun bat egin dute Ross Dantza Eskolako kideek. Horren ostean, bestalde, Elai Alaiko kideek dantza egin dute bildutakoen aurrean.
Hasiera ekitaldian ere, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute ikastolako bi umek. Hain zuzen, atzerriko gurasoak dituzten ikasleek landatu dute kimua, Euskararen Bihozferak hazten jarraitzen duela irudikatzeko.
Hasiera ekitaldiko horretako zinta mozketa, bestalde, ikastolako lehen ikasleek, eta gaur egungo ikasle gazteenak egin dute.
Antolatzaileek inguruko herritarren arte hartzea ere nabarmendu dute. Guztira, 1300 lagun ari dira 2014ko Ibilaldiko antolakuntzan parte hartzen.
Zazpi elkarte eta erakunderi omenaldia
Aurrekoetan bezala, euskara jorratzen urte asko eman duten elkarteak omendu ditu aurten ere Ibilaldiak. Hain zuzen, euskalkiak, azpieuskalkiak eta herri hizkerak aztertzen urteak eman duten erakunde eta elkarteen artean zazpiri egin diote gorazarre gaur: Badihardugu eta Ahotsak proiektuari, Bostak Bat-i, Euskal Kultur Erakundeari (EKE), Euskaltzaindiari, Labayruri, Mendebalde Kultur Alkarteari eta Sü Azia-ri.
Horiei guztiei esker ona erakutsi ostean, datorren urtean Ibilaldia antolatu behar dutenei lekukoa pasatu diete. Hala, Bilboko Harrobia Ikastolako ordezkari Juan Carlos Gomezek jaso du lekukoa, Seber Altube Ikastolako Lehendakari Nagore Iturberen eskutik. “Lanbide Heziketak eskaintzen ditu gure ikastolak, 16 eta 60 urtera arteko ikasleak ditugu; beraz, ibilaldi berezia izango da datorren urtekoa”, azaldu du Gomezek.
Lehen balorazioa
2014ko Ibilaldiko antolatzaileak eguneko lehen balorazio ere egin dute dagoeneko. Azaldu dutenez, aurreikusitako autobus kopurura heldu da bertoko herrira, eta jendetza batzea aurreikusten dute. Balorazioa egiterakoan nabarmendu dutenez, hasiera ekitaldia unkigarria izan da. Hala pozarren azaldu dira antolatzaileak. Egitaraua ere, mimoz eginda dagoela esan dute, eta, horrenbestez adin tarte guztietako pertsonek ondo pasatzeko aukera izango dutela.
Lehen balorazio horretan, bestalde, alkoholaren kontsumoa eta ingurumena ere izan dituzte berbagai. Alde batetik, gazteen arteko alkohol kontsumoa gutxitu nahi dute aurtengo ibilaldian. Horretarako, dekalogo bat prestatu du Seber Altubek. Antolkauntzak guztia kontrolatzea ezinezkoa den arren, intoxikazio zantzuak ekiditeko ahalegina egingo du ikastolak.
Bestalde, Erronka Garbia egitasmoa arrakastatsua izan dadin, ingurumena zaintzeko deia egin dute antolatzaileek. Besteak beste, zabor kopurua gutxitu nahi dutela iragarri dute. Alde horertatik, edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko deia egin du antolakunztak.
