
Hainbat lagun batu dira Gernika-Lumon, piratek antolatutako ekitaldietan parte hatuz. Hirugarrenez egin dute jaia, eta egutegian bere lekua izan baduela esan dute antolatzaileek.
Astra bete egin zuten barikuan, Athleticeko jokalari den Carlos Gurpegiri egin zioten omenaldian. Umeak, helduak, familiak… Omenaldian parte hartu eta sinadurak eskatu zioten kulturarako fabrika sozialean bildu zirenak. Gainera, Gurpegirekin batera heldu zen Mikel San Jose jokalaria, eta hark ere lana izan zuen han eta hemen sinatzen. Jokalarien kamisetak ere zotz egin zituzten; hala, Mikel San Joseren kamiseta egokitu zaio 7176 zenbakidunari; Carlos Gurpegirena 4558 zenbakia duenari, eta Oscar De Marcosena 2458 duenari. Kamisetak batzeko zenbaki saritua dutenek Ospa tabernara edo Duka arropa dendara joan beharko dute.
Astra bete zuten barikuan, eta Gernika-Lumoko kaleak zapatuan. Antolatzaileen esanetan, aurreikuspenak bete dituzte, sobera. 110 lagunentzako bazkaria prestatu zuten arren, azkenean gehiagorentzat lekua egin eta 130 pertsona bildu ziren mahaiaren inguruan, Pasealekuko arkupeetan: «Ez genuen espero hainbeste jende batzea».