
Busturiko herritar bat botoa ematen
Europar Legebiltzarrerako hauteskundeetan Eusko Alderdi Jeltzalea eta EH Bildu koalizioa izan dira Busturialdean boto gehien izan dituztenak. Izaskun Bilbao bermeotarra eta Josu Juaristi buru izan dituzten zerrendak bozkatuenak izan diren arren, abstentzioa ere altua izan da Busturialdean: %49,81ekoa. Bi herri handienetan EAJk izan ditu boto gehien: Bermeon 3.262 lagunek eman diote botoa alderdi horri; eta 2.586k Gernika-Lumon. EH Bildurena izan da bi herrietan zerrendarik bozkatuena; bi alderdien arteko aldea txikia izan da Gernika-Lumon: 2.433 boto izan ditu koalizio abertzaleak. Bermeon, aldiz, EAJk baino 1.209 boto gutxiago izan ditu EH Bilduk: 2.053.
Datuei osotasunean erreparatuz gero, Busturialdea 19.079 lagunek bozkatu zuten Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. EAJk 8.807 boto lortu zituen, eta EH Bilduk, aldiz, 6.872. Bi alderdi nagusien arteko aldea, baina, estutu egin da. Izan ere, 2009an 3.616 botoko aldea zegoen bi alderdi nagusien artean. Kontuan hartu behar da, bestalde, EH Bilduren 2009ko datuak lortzeko, EAren, Aralarren eta Iniziatiba Internazionalistaren botoak batuta daudela.
PPk eta PSOEk, berriz, nabarmen egin dute behera 2014an. Bi alderdiak batuta, aurten 1.436 boto jaso zituzten espainiarrek. 2009an, bestalde, 2.670 lortu zituzten.
Abstentzioak gora egin du Bermeon
Abstentzioak behera egin du Gernika-Lumon, baina gora Bermeon. Gernika-Lumon %49,86koa izan da aurten, eta %54,23koa Bermeon. 2009an %50,62koa izan zen abstentzioa Gernika-Lumon, eta %52,79koa Bermeon.
Herriz herriko datuak kontuan hartuta, Busturialdeko 20 herri txikienetako emaitzek aldaketak utzi ditu, 2009ko datuekin konparatuta. Oro har, EAJk EH Bilduk baino boto gehiago izan dituen arren, zenbait herritan EH Bilduk aurrea hartu die jeltzaleei, boto kopuruan; Arratzun, Errigoitin edota Foruan, kasurako.
2009an Aralar eta Eusko Alkartasuna alderdiak koalizioan aurkeztu ziren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetara; eta Iniziatiba Internazionalista-HE aurkeztu zuen ezker abertzaleak. Horien boto guztiak batuta, 6.306 bozka izan zituzten Busturialdean. EH Bilduk boto kopuru hori igo du gaurko hauteskundeetan, Busturialdean 6.872 boto lortuta. EAJk, berriz, behera egin du boto kopuruan, 2009ko datuak esku artean hartuta. Izan ere, 8.807 boto izan dituzte jeltzaleek gaurko hauteskundeetan, eta 9.922 izan zituzten 2009an.
Alderdi espainolek behera egin dute
PPren eta PSOEren botoek behera egin dute eskualdean. 405 boto izan dituzte popularrek –2009an, 619–; eta 719 alderdi sozialistak –2009an, 1.601–.