
Erriberako nekazariak eta euskara laguntzen jarraitzeko asmoagaz, Errigora kanpaina fase berri baten sartu da. Joan den apirilean Nafarroako olioa erosteko aukera eman zuten egitasmoko kideek; eta, orain, Nafarroa hegoaldeko produktuen kontserba sortak dakartzate. Jakinarazi dutenez, ekainaren 11a baino lehenago egin behar dute eskaria interesatuek. Ohiko lekuetan izango da salgai kontserba sorta.
Errigora egitasmoaren helburuak nafar produktuen merkaturatzea bultzatzea, eta euskara sustatzen duten eragileak laguntzea dira. Produktu sorta bat erosten dutenek %25a ari dira bideratzen Erriberako euskalgintzara. Proiektu aintzindaria eta oso aberasgarria dela iritzita, kanpainagaz bat egiteko eskatu dute antolatzaileek.