
Eatarren mosaikoa
Ekainaren 8a ate joka dagoela eta, Gure Esku Dago ekimeneko antolatzaileek Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katera autobusez joateko deia egin die herritarrei. Busturialdeko hainbat herritatik abiatuko dira autobusak egun horretan, eta maiatzaren 28a orduko izena emateko gomendatu dute antolatzaileek.
Bermeon, beraien erronka beteta, «pozik» dira Gure Esku Dagokoak; izan ere, 900 pertsonak baino gehiagok eman dute izena, momentuz, ekainaren 8an Euskal Herri osoan egingo duten giza katean parte hartzeko. Dagoeneko, hamahiru bat autobus bete dituzte kostako herri horretatik Abadiño, Atxondo eta Elorrio ingurura joateko; bertan egokitu zaizkie giza katerako metroak.
Gernika-Lumon ere hainbat dira orain arteko saldutako metroak: 675 inguru; hala ere, datozen hiru asteetan gehiago saltzea espero dute bertako antolatzaileek. Horretarako, Foru plazan duten bulegoan dituztela salgai gogora ekarri dute.
Herri txikien indarra
Aurreikuspenak betetzeak Busturialdeko herri txikietako antolatzaileak ere poztu ditu, eta beraien indarra norainokoa den erakutsi dute. Oraindik metro asko kontatzeke dituzten arren, 450 metro salduak direla azaldu dute. Autobusak ere jarri dituzte, eta ia herri guztietatik aterako da Elorriora bidean ekainaren 8an autobusen bat edo beste. Dena den, giza katera norbere kabuz joan nahi duenak ekainera arte izango du aukera metroa erosteko eskualdeko herri txiki horietan. 10. kilometrokoan kokatuko dira parte hartzen duten horiek, eta herri guztiek alkarregaz kilometro bat osatuko dute, Elorrion. Momentuz herritarrek ondo erantzun duten arren, oraindik ere metro gehiago saltzea espero dute hango antolatzaileek.
Datozen egunetan ekitaldiekin jarraituko dute Gure Esku Dago dinamikakoek; hala, Berriatuan eta Morgan Gure Esku Dagoren aurkezpena egingo dute. Zapatuan egingo dute Morgakoa, 12:00etan, lokal berrian, eta hilaren 30ean, berriz, Berriatukoa. Azken horretan, herrian egin diren bideoen eta dinamikaren bideo emanaldia eta giza katea egingo dituzte.
Autobuserako izen emateak herrika
- Bermeo. Goiko plazan dagoen BBKren lokala izandakora jo beharko da izena ematera, 11:30etik 13:30era edota 18:30etik 20:30era. Hil amaierara arteko epea izango da.
- Gernika-Lumo. Foru plazan Gure Esku Dagok daukan bulegoan dituzte salgai autobuserako tiketak 5 euroren truke. Astelehenetik barikura Correos zaharreko bulegoan. Gaur, 18:00etatik 21:00etara. Asteburuan, Picasso kalean, 11:00etatik 14:00etara.
- Busturialdeko herri txikiak. Maiatzaren 28a orduko eman beharko dute izena giza katera autobusez joan nahi dutenek; horretarako, herri bakoitzeko arduradunarekin jarri beharko dira harremanetan.