
Garriko eguna artxiboko irudi baten
Garriko Eguna antolatu dute Muxikako Ariatza auzoan, hogeita zazpigarrenez; hain zuzen, domekan egingo dute bapateko bertso idatzien lehiaketa, 11:00etan hasita. Parte hartu gura dutenek, baina, 10:30etik 11:00etara eman beharko dute izena, Ariatzako eskolan.
Lehiaketa hiru mailatan banatuko dute: 12 urtera artekoak, 13-14 urte dituztenak eta 15etik 18 urtera artekoak. Lehiaketa 11:00etatik 12:00etara egingo dute, eta 12:30etik 13:00etara izango da bertso saioa. Sari banaketa 13:30ean egingo dute.
Bertso idatzien liburua
Aurten, gainera, berezitasun bat ere izango du Garriko Egunak. Izan ere, lehenengo 25 urteetan irabazi dutenen, bigarren egin dutenen eta aipamenak izan dituztenen bertsoak jasotzen dituen liburuaren aurkezpena egingo du Muxikako alkate Aitor Goldarazek.
Guztira, liburuxka horren 1.000 ale atera ditu udalak, Garriko bertso eskolaren laguntzarekin. Era horretan, aurten Garriko Egunean parte hartuko dutenek ere jasoko dute liburuxka hori. Gainontzeko liburuak banatzeaz Muxikako Udala arduratuko da.