20 erakustokigaz, Arrain Azokaren XX. edizioa ospatuko du Bermeok asteburuan. Herriko zein inguruetako enpresak daude bertan, beraien produktuak saltzen; bisitariak, berriz, salgaiak dastatzeko , ezagutzeko zein erosteko aukera izango du. Arraina kontsumitzea gozoa, erraza eta merkea dela erakutsiko dute antolatzaileek, eta, horretarako, hainbat jarduera egingo dituzte.
Ohitura bilakatutako ekintzez gain, berritasunak ere dakartza aurtengo Arrain Azokak; sukaldaritza zuzenean, zentzumen tailerrak eta arrain-dastatze tailerrak, kasuan kasu.
Gaur goizean ireki dute azoka, ohiko zinta mozketagaz, baina hori orduko Hegaluze Saria eman diote Juan Antonio Apraiz Zallo Koioteri, itsasoaren ondarea zaintzen eta aztertzen urteetan zehar egindako lanarengatik. Saria hartzean, prestatuta zeraman diskurtsorik esango ez duela esan zu Apraizek. Haren berbetan, Hegaluze Saria jasotzeko gainontzeko hautagaiek ere isil-isilean eta lan apalagaz, Bermeoren izena zabaltzen lagundu dute. Hortaz, haiek gogoan izan gura izan ditu Apraizek.
Bestalde, protestarako tarterik ere izan da gaur goizean. Salica enpresan, adibidez, produkzioa %95ean geratu dute langileek, euren aldarrikapenak Arrain Azokara eramateko. Salatu dutenez, estatu mailako hitzarmena ezarri diete langileetako batzuei, eta beste batzuei ez. Hori dela eta, enpresak eurekin gura duena egiten duela deritzote.
Gernika-Lumoko Totorikaguena enpresako beharginak ere Bermeon bildu dira gaur, azokako testuinguruan gizarteratzeko euren kasua. Esan dutenez, langileetako batzuk jaso dituzte dagoeneko kaleratze gutunak, baina, kritikatu dute kaleratzea hilaren 27an gauzatuko dela jakinarazi dietela. Hortaz, ordura arteko egunak kobratuko ez dituztela salatu dute. Hari horretatik, Totorikaguenaren elikagai dendetan eskaintzak egiten ari direla eta salmentak izaten ari direla esan dute, eta, beraz, ordainketak egiteko dirua egon badagoela.
LAB sindikatuak bat egin du Salicako eta Totorikaguenako beharginen aldarrikapenekin, protestetara batuz. Zaloa Ibeas sindikatu abertzaleko emakume arloko arduradunak adierazi duenez, prekarietatea da nagusi kasu batean zein bestean, eta gogora ekarri du enpresa bietako beharginetako gehienak emakumeak direla.
Dokumentua:
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.