Urte hasierako denboraleak sortutako kalteei aurre egiteko elkartasun zozketa egingo du Elantxobe Arraun Elkarteak domekan. Aurretiaz saldutako errifen truke jende ezagunaren materiala zozkatuko dute; besteak beste, pelotariena, futbolariena, errugbilariena, txirrindulariena, abeslariena… 12:00etan elkartearen aurrean bilduko dira.

Denboralearen ondorioz, Elantxobe Arraun Elkarteko atea hautsi eta barruan zegoen materialean kalteak eragin zituen: traineru biak, batelak eta arraunak hautsi zituen, esaterako. Gainera, biltegian gordetzen zuten ontzietako materiala zein erramintak desagertarazi egin zituen itsasoak.
Ontziak konpondu dituzte dagoeneko, baina ordaindu gabe dituzte oraindik; beraz, zor horiek estaltzeko eta ahal den heinean, trainerurako arraun berriak erosteko baliatuko dute errifen bidez lortutako dirua. Patxi Egurrola elkarteko presidenteak azaldu legez, gutxi gora-behera 10.000 errifa inguru saldu dituzte, nahiz eta oraindik guztiak kontatu gabe izan.
Ia urte erdi igaro denean, elkarteko ateak eta balkoiak konpondu gabe jarraitzen dutela aitortu du Egurrolak. Kiroldegiko azpiegiturak udalaren jabetzakoak dira, beraz, berari dagokio horiek konpontzea. Hori noiz izango den ez daki oraindik elkarteko presidenteak: «aurrekoetan gertatutakoa ez errepikatzeko, atea lekuz aldatzeko proposamena egin genien, baina ez dute gure eskaera onartu, eta atea dagoen lekuan baina egonkortuago jarriko dutela esan digute».
Arazoak arazo, jendeak erakutsi duen elkartasuna nabarmendu du Egurrolak, «bai elkartekoena eta ingurukoena zein kanpokoena».