
Gernikako jaiak, artxiboko irudian
Aurten ere lehiaketa bidez erabakiko du Gernika-Lumoko Jai Batzordeak zein kartelek iragarriko dituen Andra Mari eta San Roke jaiak. Lanak aurkezteko epea zabaldu dute dagoeneko, eta maiatzaren 30a izango da horretarako azken eguna. Udaletxera eraman beharko dira, edota postaz bidali (Gernika-Lumoko Udala, Foru plaza 3, 48300 Gernika-Lumo).
Baldintzak aurreko urteetakoen bide beretik doaz. Hala, edonork parte har lezake, baina ezingo da politika zabalkunde, arrazismo, sexukeria, biolentzia aldarrikapen, edari alkoholdun, tabako edota gainerako drogen inguruko aldarrikapenik egin dezakeen irudi edo testurik. Kartelean
Gernikako jaiak 2014 testua agertu beharko da, eta formatu txikiagoan
Abuztuak 14-18.
65 zentimetro eduki beharko ditu altueran, eta 45 zabaleran. Euskarri zurrunean aurkeztu beharko da, eta, gainera, zintzilikatu ahal izateko gailua izan beharko du. Lanak, bestalde, izenburu bat eduki beharko du, eta egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa gutunazal batean zehaztu beharko dira.
Ekainaren 13an emango du epaimahaiak ebazpena, 18:30ean. Dena den, saririk ez ematea ere erabaki lezake. Irabazleak 400 euroko saria lortuko du.
Bestalde, urtero legez, jasotako lanak erakusketa batean bilduko ditu jai batzordeak. Hortaz, ezingo dira jaso harik eta erakusketa hori amaitu arte. Saritutako kartela Gernika-Lumoko Udalaren jabegopean geldituko da.