Gazte langabetuentzako berbaldi bi emango dituzte Gernika-Lumon eta Bermeon
Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria Sailek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatuta, Busturialdeko gazte langabetuei zuzendutako hitzaldi bi emango dituzte hileon. Lehena maiatzaren 21ean izango da Bermeon eta bigarrena hilaren 26an Gernika-Lumon.
Datorren astean, beraz, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean 17:00etatik 19:00etara batuko dira Novia Salcedo Fundazioko Josu Robredok eskainitako berbaldian. Bertan, lan munduratzeko prozesuan gazte langabetueentzako dauden aukera ezberdinei buruzko informazioa emango du Robredok.
Hurrengo astean, aldiz, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan bilduko dira herritarrak ordutegi berean Lola Goitiandiarekin. Hala, beragaz batera, EURES sarearen inguruan ariko dira, enpleguaren lankidetzarako eta langileen joan-etorri askerako sareaz, alegia.