
Martxoan Gernika-lumon egindako giza katea
Geroz eta gutxiago falta da ekainaren 8rako. Egun horretan, Iruñea eta Durango giza kate batekin lotuko ditu Gure Esku Dago dinamikak, baina egun hori iritsi orduko, ekitaldiak egiten dabil han eta hemen. Zapatuan Gernika-Lumon eta Busturian egingon dituztenak ere testuinguru horretan etorriko dira.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko eguna ospatuko dute hilaren 17an Gernika-Lumon. Hasteko, 12:00etan topaketa bat izango da Pasealekuan, eta 12:30etik 14:00etara triki-euro-poteoan ariko dira herritarrak. 14:30ean, aldiz, mosaiko bat osatuko dute, eta ondoren herri bazkarian batuko dira, Pasealekuan bertan. Bazkalostea bertsolariek girotuko dute.
Bazkarira joan gura duenak txartela erosi beharko du aldez aurretik. 10 eurotan daude salgai, Arrano eta Ospa tabernetan.
Busturian, bestalde, mosaiko erraldoi bat osatzeko batuko dira herritarrak. Esku erraldoi bat eratu nahian, beraz, 13:00etan elkartuko dira, udaletxeko plazan, Axpe auzoan. Durango eta Iruñea arteko giza katerako metroak ere salgai jarriko dituzte, eta baita autobuserako txartelak, kamisetak… ere.
Muxikan ere salmahaia jarriko dute zapatuan, Ariatza auzoan. Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpena egingo dute ordu horretan, eta arinago eta ostean egongo da ekainaren 8ko giza katerako metro sinbolikoak eta materiala erosteko aukera.