
Iaz Herri Babeseko kideek jaso zuten Hegaluze Saria
Asteburuan ospatuko dute Bermeon XX. Arrain Azoka, eta bertan jasoko du Juan Antonio Apraiz
Koiotek 2014ko Hegaluze Saria. “Apraiz Bermeoko itsasoaren ondarea aztertzen eta zaintzen urteetan zehar egiten ari den lan boluntarioa” saritzea dauka helburu epaimahaiak. “Izan ere, bizi osoa eman du Bermeoko itsas ondarea aztertzen eta zaintzen, eta, horrela, Euskadi eta Estatu mailan oso ezaguna da; bere iritzia gai hauetan aintzat hartzen da”.
Apraizek nazioarteko topaketetan ere parte hartu ohi duela azaldu du epaimahaiak, eta baita Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Eusko Ikaskuntzarekin hainbat ikerketa egin dituela ere. Gainera, “bere agerraldi eta hitzaldi guztietan Bermeokoa dela adierazten du”, esan du epaimahaiak. “Horrela, Juan Antonio Apraizek Bermeoren izena zabaltzen du, eta, era berean, Bermeoko itsasoko historia behar den moduan gordetzen saiatzen da, eta ahal duen neurrian, ezagupen guzti horiek zabaltzen ditu”.
Barikuan jasoko du Apraizek aintzatespena, 12:30ean, Nestor Basterretxea aretoan. Ordu erdira egingo dute Arrain Azokaren inaugurazioa.