Bi gizonezko atxilotu dituzte Mundakan etxe baten lapurtzen ahalegintzeagatik
Ertzaintzak 35 eta 20 urteko bi gizonezko atxilotu zituen domeka goizaldean eta 22 eta 23 urteko beste bi inputatu Mundakako etxebizitza batean lapurreta egiten ahalegintzea leporatuta.
Domekan 00:30 aldera, Gernika-Lumoko ertzain-etxeko poliziek delituzko aurrekariak zituzten lau pertsona ikusi eta, polizia-jazarpena egin zioten lau susmagarriei. Azken horiek, baina, ihes egin zuten ertzainak ikusita; hala, bakarra gelditu ahal izan zuten BI-2235 errepideko oinezkoentzako pasabidean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, susmagarri hori geldiarazi orduko, lapurreta egiteko beharrezko materiala (bost bihurkin eta giltza ingeles bat) biltzen zuen motxila bat jaurtia zuen sasitzara.
Hala, gainontzeko hiru susmagarrien bila aritu ziren ondoren ertzainak, baina ez zuten horien arrastorik izan; dena den, bilaketa horretan, Lorategi kaleko etxebizitza bateko atea irekita zegoela ohartu ziren, eta horren aldamenean azazkaletarako barra aurkitu zuten. Ateak zituen kalteak ikusita, 35 urteko gizonezkoa atxilotu zuten ustez indarra erabiliz egindako lapurreta egotzita.
Gainontzeko hiru susmagarrien identitatea ezagututa, eurak harrapatzeko zaintza lanak egin zituzten poliziek; azkenean, Gernika-Lumoko tren geltokian aurkitu zituzten Bermeotik zetorren trenetik jaistean eta bertan atxilotu zituzten.