Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak atzo Bermeon, bikotekidea erasotzea egotzita. Gaur goizean eroan dute gizonezkoa epailearen aurrera.
Atzo, 15:30ak aldera bertaratu zen Ertzaintza erasoa gertatu zen lekura. Behin etxebizitzan zirela, biktimak sama gorrituta zeukala eta iztartean beltzune bat zuela ikusi ahal izan zuten poliziek.

Apirilaren 23an izandako eraso sexista salatu zuteneko irudia. Argazkilaria: Sareginek
Biktimak ertzainei jakinarazi zien legez, “ez zen lehen aldia” bere bikoteak erasotzen eta tratu txarrak ematen zizkiola. Hala, ustezko erasotzailea, 34 urteko gizonezkoa, atxilotu egin zuten, etxebizitzan bertan.
Hilabetean, bi eraso
Azken eraso horregaz, hilabetean ustezko eraso bi izan dira Bermeon. Izan ere, apirilaren 23an Bermeoko Aritzatxu hondartzan mutiko batek emakume bati eraso sexista egin ziola salatu zuten. “Gure gorputza gurea delako”, erasoa salatu zuen orduko hartan Sareginek Bermeoko Feministen Sareak.
Hain zuzen, 30 bat lagun batu ziren Lameran,
Emakumeon kontrako erasorik ez! Ez Bermeon ez inon! lelopean egindako elkarretaratzean.
Bestalde, Barakaldon ere gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzan atzo. Bikotekideari ustez eraso egiteagatik atxilotu zuten 18 urteko mutila, eta atzo eroan zuten epailearengana.