Gastuei eustea eta oreka ekonomikoa helburu dituen udal aurrekontua onartu du Foruko Udalak: 1.056.750 eurokoa, hain zuzen ere. Azaldu duenez, “herriko bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko asmoa” du, zerbitzuak mantenduz eta hobetuz eta kulturaren garapena sustatuz. Iazko hasierako aurrekontua 956.064 eurokoa izan zen.

Aurrekontu horregaz baliatuta, ingurumen jasangarritasunaren irizpideetan oinarritutako zerbitzuen azpiegiturak hobetzeko inbertsioak egiteko asmoa du udalak; horrez gain, euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko eta sakontzeko proiektuak gauzatzea ere badu xede.
Udalaren arabera, 2013. urtean gastuei eusteak eta oreka ekonomikoari heltzeak 68.037 eurotako soberakina izatea ahalbidetu du, diru kopuru hori inbertsioetarako eta zorpetze mailari erantzuteko erabiliko dutelarik.
Landa guneetan argien berriztapena
2014ari begira, hainbat inbertsio egin nahi dituela azaldu du udalak; horien artean, esaterako, landa guneetako herriko argiak berritzea. Hain zuzen, San Kristobal auzoan egingo dituzte argiteriari dakozkion berrikuntza gehienak aurten, 133.000 euroko inbertsioa eginda. Horretarako, soberakinaren dirua eta zenbait diru laguntza erabiliko dituztela adierazi du.
Halaber, hondakinen birziklapenerako sistema hobetzean ere jarriko ditu indarrak aurton Foruko Udalak. Jakinarazi dutenez, bosgarren edukiontzia –edukiontzi marroia– jarri nahi du herrian, horren bitartez, zabortegira bidaltzen den hondakin tona murriztea ahalbidetzeko, eta, era berean, materia organikoa ongarri bezala erabili ahal izateko. Gainera, hondakinak batzeko puntuak ere gehitu nahi ditu udalak, horrela, landa guneetako bizilagunek birziklatzea errazago izan dezaten.
Kultura sustatzea helburu
Herriko kultura sustatzea udalaren beste helburuetako bat izanik, aurtengo aurrekontuaren partida bat 2014-2017 hizkuntza normalkuntza plana martxan jartzeko bideratuko dute. Plan Estrategikoaren zein Euskara Planaren helburua herritarren parte hartzea bermatzea dela kontuan hartuta, “familia bidezko transmisioa indartzearen, euskararen erabilera sustatzearen, euskalduntze eta alfabetatzea bultzatzearen eta hizkuntza paisaia zaintzearen aldeko apustua” egingo du, besteak beste.
Bestalde, herritar guztiei “kalitatezko kultur eta kirol zerbitzuak eskaintzeko” Gernika-Lumoko kiroldegirako, musika eskolarako zein euskara ikasteko diru laguntzak mantenduko ditu eta iazkoagaz alderatuta, gainera, familia behartsuak diruz laguntzeko zenbatekoa %74 handituko du. Horiekin batera, herriko kultur eta kirol elkarteentzako diru laguntzak ere mantendu egingo dituela jakinarazi du.