
Fernando Pedro Perez, ‘Izaroko Irlako itsaspeko fauna’ liburuagaz
Urdaibaiko kostaldetik 2,5 kilometrora jarri du jomuga oraingoan Fernando Pedro Perezek (Bilbo, 1963): Izaro irlan. ADEVE Iraungitzeko Zorian Dauden Espezieak Defendatzeko Elkargoko presidentea da Perez, eta oraingoan ere balore ekologiko, natural, turistiko eta kulturala duen inguruaz jardun du bere azken liburuan:
Izaroko irlako itsaspeko fauna.
Urteetan aritu dira ADEVEkoak Izaro irla inguruan kuxkuxeatzen, urpean igeri egiten eta bertan dagoenagaz gozatzen. Orain, baina, beraien begiekin ikusitakoa gainontzekoekin partekatzeko tartea hartu dute; irlari eta bertako fauna eta florari omenalditxoa egitekotan. Biologo, naturalista, urpekari, kazetari eta bestelakoak bilduta abiatu dira irlarantz sarri askotan ADEVEkoak, urpeko kamera bidez begi-bistakoa islatzeko asmoz. Hala nahi eta hala egin dute; itsasgora zein itsasbeheragaz batera, haitzak altxatu eta 200 bat espezieren irudiak batu dituzte ehunka argazkitan.
Espezieen ezaugarriak

Irudian, behitxoa
Lan horri esker, herritarrek Izaro irlaren inguruan dauden espezieen berri izateko aukera daukate. Irudiak ez ezik, gainera, espezie bakoitzaren informazioa biltzen ditu ADEVEko presidenteak kaleratu berri duen liburuak; hala nola, bakoitzaren deskribapena,tamaina, biologia, habitata, elikadura eta hedapena.
Tamaina handiko zein txikikoak, itsusiagoak edo politagoak, kolore gehiago edo gutxiagokoak… Gehienak bildu dituzte hil honetan kaleratutako liburuan: durdoa, txilibitua, dontzeila, karraspio begiubela, kabuxa kateira, salpa, muxarra, txitxarroa, kraba arrunta…
Urteetako lanaren ondorioez gozatu nahi duenak Bermeoko Luma liburudendan du dagoeneko lana salgai, 12 euroren truke.
Sareginen balorea argitara
Bitartean, beste lan batzuei helduko die idazleak. Datozen hileetan kaleratuko du, esaterako,
Las ultimas mujeres baserritarras de Derio liburua. 55 baserritarri egindako elkarrizketak batuko dituen liburua izango da: beraien familiak, lanak, bizimoduak… hizpide izango dituelarik.
Eta horren ostean etorriko da Bermeoko sareginei buruzko liburua. Aurki hasiko dira burubelarri lanean; hartara, Bermeoko jaietan aurkeztu ahal izateko. Emakume horien iraganak duen balorea argitara ematea izango da idazlearen asmoa, beraiekin batera desagertuko baita beraiek zuten bizitzeko modua.
-
-
Fernando Pedro Perez, ‘Izaroko Irlako itsaspeko fauna’ liburuagaz
-
-
Irudian, behitxoa
-
-
-
-
-
-