
Parisen izan dira asteburuan Dominguezen senide eta lagunak epaiketan elkartasuna adierazteko
Fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu arren, lau urteko kondena bete beharko du Iñaki Dominguez euskal preso politikoak. ETAko kide izatea egotzita atxilotu zuen Frantziako Poliziak Iñaki Dominguez, Modane herrian (Frantzia), 2011ko ekainean. Hori horrela, dagozkion murrizketak aplikatuta, irail bukaera ingururako kondena beteta izatea aurreikusten du haren familiak; “oraindik data zehatza ez dakigu, zenbatze batzuk egin behar dituzte eta; dena den, hilabete batzuetan Frantziako kondena beteta izan beharko luke”, dio familiak. “Lau eta bost urteren arteko zigorra espero genuen; beraz, gutxieneko zigorra ezarri diotenez, ondo hartu dugu erabakia, albiste ona da guretzat”, aitortu dute gernikarraren senideek.
Kondena betetzen duenean, ustez Espainiara estraditatuko dute Gernika-Lumoko bizilaguna. Sumario bi ditu zabalik Espainian: batetik, ETAko kide gisa Kolonbiako FARC talde armatuarekin elkarlanean aritu izana leporatzen diote, eta, bestetik, ETAko informatzaile gisa aritu izana. Hala ere, gernikarraren abokatuak oraindik ezin duela sumario horien gaineko informaziorik bildu azaldu du Dominguezen familiak; “Auzitegi Nazionalak ez dio abokatuari bertan azaltzen uzten, presoa Espainian ez dagoela argudiatuta; beraz, Espainiaratzea gauzatu arte, ez dugu horren inguruko barri handirik edukiko”.
Gaur egun, Villepinteko (Frantzia) espetxean dute preso Iñaki Dominguez, bere bizilekutik 800 bat kilometrora. Familiak azaldu duenez, euskaldun bi baino ez daude espetxe horretan, eta Parisko epaitegira eramaten dituzteneko joan-etorriak “txarrak” izaten dira. Presoak kexa berezirik izan ez arren, dispertsioaren ondorioak pairatzen dituztela azaldu dute presoaren senideek: “Astebururo familiakook edota lagunek Pariseraino joan behar izaten dugu, eta horrek denbora eta diru asko galtzea suposatzen du”.
Denbora eta kostu aldetik esfortzua eskatu arren, Dominguezi elkartasuna adierazteko prest dira haren senide eta lagunak. Joan den asteburuan, esaterako, Parisera joan ziren Gernika-Lumotik 15 bat pertsona, epaiketan Dominguez ikusi eta animatzeko asmoz. Epaiketa “nahiko ondo” joan zela adierazi dute senideek, eta hori bukatutakoan, presoak kartzela barruan ikusi ezin ditzakeen lagun batzuekin egoteko aukera izan zuela azaldu dute.